Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Trafiko Zerbitzuaren bidez eta European Transport Safety Council (ETSC) eta MAPFRE Fundazioarekin lankidetzan, European Traffic Education – Seminar 2025 antolatu du ostegun honetan (azaroak 13), Baluarten, 09:00etatik 16:15era.

Nafarroan egiten den maila horretako lehen biltzarra izanen da, eta LEARN! proiektu europarra izanen du ardatz (Leveraging Education to Advance Road safety Now!). Proiektu horren helburua da Europako bide segurtasunaren eta mugikortasunaren arloko hezkuntzaren kalitatea hobetzea, eta sektorean adituak diren langileei informazioa, tresnak eta baliabideak ematea, bai eta jarraibideak eta gomendioak ere.

Izen emateak zabalik daude oraindik, eta oraingoz 60 pertsonak eman dute izena aurrez aurre, eta 203k streaming bidez jarraituko dute jardunaldia. Goizeko saioetan, LEARN! programako adituen taldean zehazki hezkuntza jardueren garapenean eta ebaluazioan aritzen direnen aurkezpenak izanen dira, tartean diren nazioarteko langileen parte hartzearekin.

Bide hezkuntzari buruzko hainbat lan eta proposamen biltzen dituen Europako proiektu horren bidez, gida bat egin da toki erakunde edo administrazio publiko bakoitzak bere jarduerak diseinatu eta ikastetxeetan beste irakasgai bat bezala aplikatu eta ebaluatzeko.

Nafarroako Gobernuak eta MAPFRE Fundazioak hitzaldiak emanen dituzte mugikortasun seguru eta jasangarrirako hezkuntzari buruz. Horrez gain, hiri edo auzo desberdinek bide segurtasunari buruzko hezkuntzari nola heltzen dioten aztertuko da, arratsaldeko saioan, Europako ikastetxeetan egindako bide hezkuntzako hainbat proiekturi buruzko aurkezpenekin.