Joan den irailaren 30ean, Foru Komunitateari esleitutako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eratorritako proiektuetan 400 milioi eurotik gora exekutatzea lortu zuen Nafarroak. Zehazki, funtsetan baimendutako 613 milioietatik 409,96 milioi gauzatu ziren.
Gainera, Nafarroari esleitutako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoko funtsen finantzazio-bolumen orokorra 617,17 milioi eurokoa da 2020tik 2026ra bitarteko aldirako. Finantzaketa horretatik 607,82 milioi jaso eta kontabilizatu dira.
Nafarroan Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko azpiproiektuen kopuruak 119 izaten jarraitzen du mekanismoaren fase honetan. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak kudeatzen dituzte proiektu gehien (24 eta 18 proiektu, hurrenez hurren), eta, ohikoa den bezala, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentua da finantzaketa gehien duen departamentua (108 milioi euro).
Informazio hori eta funtsak eskatzen dituzten pertsonei eta jasotako kopuruei buruzkoa, nextgeneration.navarra.es webgunean dago eskuragarri, eta han dago jasota, halaber, Next Generation funtsei buruzko informazio guztia, bai eta Foru Komunitatean eragina duten deialdiak eta laguntza horien inguruan ohikoenak diren zalantzak ere.
Era berean, Gobernu Irekiaren webgunean kontsulta daiteke, tresna beraren bidez. Datuak Nafarroako Gobernuaren kontabilitate-sistematik ateratzen dira, eta tresna batean iraultzen dira. Tresna publikoa da, eta aukera ematen du onuradunak izen-abizenen edo izen sozialaren arabera bilatzeko, kontuan hartuta finantzaketa partikular bati, enpresa bati edo tokiko erakunde bati dagokion.