Bihar (azaroak 12), Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) 43. osoko kontseilua izanen da Toulouseko Hôtel de Région delakoan. Kontseilu horretan, Okzitania eskualdeak bukaera emanen dio bi urteko presidentetzari, eta lekukoa pasatuko dio Nafarroako Gobernuari, zeinak 2027a bukatu arte izanen baitu kargua. Informazioa hemen ikusten ahal da.
Urtero-urtero, Pirinioetako Lan Elkarteak bere zazpi lurraldeetako presidenteen bilera antolatzen du: osoko kontseilua. Bilera horretan, PLEren ildo estrategikoak eta politikoak adosten dira, Batzorde Betearazleak egindako proposamenetan oinarrituta. Adostutakoa presidenteen adierazpen komunean jasotzen da. Dokumentu hori ekitaldian bertan ezagutarazi eta sinatzen da, eta webgunean jartzen da nahi duenak kontsultatzeko.
2025eko osoko kontseiluan, Okzitania eskualdeak PLEren presidentetza bere gain izan duen bi urteetan gauzatu diren ekintzen balantzea aurkeztuko da, eta arreta berezia eskainiko zaio PLErentzat interes handia duten gai hauei: gazteak, osasuna eta klima aldaketa.
Hala, irailean Andorran eta Seu d ‘Urgellen egin zen Pirinioez Gaindiko 5. Gazte Foroan parte hartu zuten bi gaztek hitzaldi bat emanen dute gazteen kezkak transmititzeko.
Ondotik, zatirik formalena hasiko da, PLEko zazpi lurraldeetako ordezkari politikoen parte hartzearekin. Gai gisa azpimarratzekoak dira klima aldaketarako egokitzapena eta osasun laguntza eskuratzeko aukerak Pirinioetako estrategian duten lekua, hau da, PLEko lurraldeko biztanleen egunerokoan.
Ekitaldia bukatzeko, kargua utzi duen Okzitaniako presidenteak PLEko presidentetza eskualdatuko dio Nafarroari.