Gaurtik aurrera, Nafarroak bere gain hartuko du Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) presidentetza, eta Frantziako Okzitania eskualdeari txanda eginen dio datozen bi urteetan, mugaz gaindiko lankidetzarako erakunde horren buru izanen baita. Foru Komunitateak 1983tik hartzen du parte elkarte horretan, eta Akitania Berria, Aragoi, Katalunia, Euskadi, Okzitania eta Andorrako Printzerria eskualdeak ere biltzen ditu. Eskualdaketa asteazken honetan izan da, Okzitaniako eskualde frantziarreko hiriburuan, Toulousen, egindako 43. osoko kontseiluaren barruan. Bertan, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Ana Ollok, Chivite lehendakariaren ordezkari gisa, berretsi egin du Nafarroak erakunde horrekiko eta bere lanarekiko duen konpromisoa, eta esan du Pirinioetako bi aldeetako lurraldeen arteko auzolana dela, bakean, gizartean, aniztasunean, demokrazian eta iraunkortasunean oinarritutako Europa baten alde.
Nafarroa 2026ko martxora arte izanen da Euroeskualdearen buru, eta erantzukizuna bere gain izanen duen aldian hauek izanen dira PLEren erronkak: 2028-2035 Pirinioetako Estrategia berria definitzea eta kohesio funtsen babesean bultzatzen diren Pirinioez gaindiko proiektuen kudeaketa indartzea. Funts horiek “birzentralizatzeko” aukera baztertu egin da osoko kontseiluaren bukaeran eskualdeek sinatu duten adierazpenean. Adierazpen horretan berretsi egin da “sakonki europarra, kooperatiboa eta inklusiboa den mugaz gaindiko eremu bati bizia ematearen aldeko apustua, zeinak ziurtasunez eta anbizioz jarraituko baitu –testuak adierazten duenez– Pirinioetan etorkizun komun bat eraikitzen, bertako biztanleen zerbitzura”, Ana Ollo lehendakariordeak azpimarratu duen bezala.
Bere hitzaldian, onartutako adierazpenaren funtsezko puntuak partekatzeaz gain, Ollok adierazi du “Nafarroak, bere lehendakaritzako ibilbide orriaren barruan, gure eskualde guztiak interpelatzen dituzten bi erronketan sakondu nahi duela: belaunaldien arteko erreleboa eta Pirinioetako lurraldeen erronka demografikoa, modurik zabalenean ulertuta, bai eta horien ondoriozko beste erronka batzuk ere, hala nola laguntza falta edo jaiotza tasa, batez ere Pirinioetako landa eremuetan eragina dutenak”.
Pirinioetan hitz egiten diren hizkuntzekiko konpromisotik abiatuta (hizkuntza horiek ikasteak eta erabiltzeak Pirinioetako nortasuna eta kultura bizirik mantentzea ahalbidetzen du, batez ere gazteen artean), Ollo lehendakariordeak euskaraz ohikoa den hitz bat –eta kontzeptu bat– erabili du Pirinioetako Lan Elkartearen filosofia eta datozen bi urteetan Nafarroak lidergo hori bere gain hartzeko duen espiritua azaltzeko: auzolana. “Nire ustez –jarraitu du Ollok–, bi hitz hauek definitzen dute gure erakundea, Pirinioetako mugaz gaindiko erreferentzia geografikotik harago: komunitatea eta lana. Komunitateko lana gure euskara maitean auzolan deritzoguna da: auzoko lana; herriko lana; lankidetza lana, zeinetan norberak bere onena ematen duen komunitateari laguntzeko… Ohitura horren jatorria aspaldikoa da, baina gaurkotasun handikoa ere bai, oso ongi definitzen baitu datozen urteetan gure zeregina «nola» gauzatuko dugun, besteak beste 2028-2035 Pirinioetako Estrategia berria definitzeko”.
Mugaz gaindiko harremanen osasuna eta klima aldaketaren aurkako borroka
Topaketa ohiko egituraren arabera egin da: gaurkotasuneko gaiei buruzko eztabaida talde bat, baterako adierazpen bat onartzea eta, kasu honetan, PLEren presidentetza aldatzea. Aldez aurretik, Pirinioez Gaindiko Gazteen Foroan parte hartzen duten bi gaztek jarduera horri buruzko aurkezpen bat egin dute (datorren urtean Nafarroan eginen da). Aurkezpenean parte hartu dute Diego Lafuentek (Nafarroaren ordezkari gisa) eta Alexandre Aymardek (Okzitaniaren ordezkari gisa).
Pirinioetako Lan Elkartea (PLE) mugaz gaindiko lankidetzarako erakundea da, eta Pirinioetan nahiz Pirinioen bi aldeetan dauden hiru estatuetako zazpi eskualde biltzen ditu: Espainiako aldetik, Aragoi, Katalunia, Nafarroa eta Euskadi; Frantziako aldetik, Akitania Berria eta Okzitania; eta, azkenik, Andorra. Bi urtean behin kide bati dagokio presidenteordetza hartzea. 2023an Okzitaniak hartu zion lekukoa Euskadiri. Orain, Pascale Peraldi eskualdeko kontseilariaren bitartez, Okzitaniak Nafarroari eman dio erreleboa, osoko kontseilu horretan. Bertan, azken bi urteotako balantzea ere egin da, eta Ollo lehendakariordeak horren garrantzia nabarmendu du presidentetza hartzeko unean.
Ollo lehendakariordeaz eta Pascale Peraldi Okzitania eskualdeko kontseilariaz gain, erakundeen ordezkari hauek izan dira ekitaldian: Mathieu Berge, Akitania Berria eskualdeko kontseilaria; Mikel Antón, Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendaria; Miguel Ángel Lafuente, Aragoiko Erakunde Harremanen, Kanpo Ekintzaren eta Gardentasunaren zuzendari nagusia; Agustí Fernández De Losada I Passols, Kataluniako Europako Gaien, Gai Multilateralen eta Garapenerako Lankidetzaren idazkaria; eta Noelia Souque, Andorrako Printzerriko Mugaz Gaindiko Lankidetzarako enbaxadorea.
Sergio Pérez Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiak parte hartu du eztabaida taldean, eta ardatz bikoitza izan du eztabaidak: Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiak azken 15 urteetan egindako lanaren irakaspenak, hemendik 2050era arteko mugaz gaindiko lurraldeen politika publikoetan aplikatzeko; eta Pirinioetako bi aldeen arteko osasun lankidetza hobea lortzeko faktoreak, despopulazioaren aurkako borrokan lurralde hori osasun profesionalentzat erakargarriagoa izan dadin.
Ildo horretan, Nafarroak bere esperientziak eta proposamenak aurkeztu ditu, bai Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, LIFE proiektuan ibilbide handia duenak NAdapta (53 ekintza, 15 milioi euro baino gehiagoko inbertsioarekin), bai Osasun Departamentuak, zeinak hainbat neurri baititu Nafarroako Pirinioetako eremuetan ohiko eta premiazko osasun arreta bermatzeko, hala nola betetzen zailak diren lanpostuak zehaztea, helikoptero medikalizatuaren erabilera indartzea Bizi Larrialdiari Arreta Emateko Nafarroako Estrategiaren barruan (komunitateko edozein lekutan 25 minutu baino gutxiagoan arreta bermatuz), edo lehen mailako arretan teknologia berriak erabiltzea (bideo kontsultak, osasun karpeta, etab.), joan-etorriak saihesteko, bai eta hauskortasunari arreta ematea eta errehabilitazio funtzionala lehenestea ere, landa eremuetan fisioterapia zerbitzuak jaso ahal izatea errazten duena. Gainera, mugaz gaindiko osasun laguntzan jasota dago, eta horrek bidezko tratua bermatzen du.
Topaketan garapen jasangarriarekin zerikusia duten proiektuen eta ekimenen martxa ere positiboki nabarmendu da, hala nola hauena: Life Pyrenees4Clima, TRAMPOLINE II, MOUNTADAPT edo PHYRENE.
Bakearen, hizkuntza aniztasunaren eta eskualdeen Europaren aldeko adierazpena
Osoko kontseiluan adierazpen bateratu bat adostu da, zeinetan agintariek adierazten duten Pirinioetan lankidetzaren kultura areagotzeko borondatea dutela, munduan gertatzen denari zabalago begiratzeari utzi gabe. Hala, PLEko kideek adierazi dutenez, “kezka handia dute multilateralismoaren atzerakadagatik eta mundu osoko gatazkak larriagotzeagatik. Gazako zerrendako eta Ukrainako egoera lazgarriek –gehitu dute– sumindura sakona pizten dute”. Krisi horien aurrean, baita beste eskualde batzuei eragiten dietenen aurrean ere, kideek “Europako balioekiko konpromisoa berresten dute, bakean, herrien arteko lankidetzan eta nazioarteko zuzenbidearen errespetuan oinarrituta”. Zehazki, Gazan eta Palestinan su etenak aurrera egin ahal izatea espero dute, “bake iraunkorra” lortzeko, eta Ukrainako herriari babesa eman diote.
Era berean, “gaur egun inoiz baino gehiago”, mugaz gaindiko lankidetzaren garrantzia azpimarratu dute, “askotariko kulturetako herrien arteko adiskidetasunaren lekukotza emateko. Pirinioetako gure kulturek, mundura zabalik daudenek, dramen oroitzapena gordetzen dute eta askotariko eraginak jaso dituzte. Gizateriak aurrean dituen erronka komunek, batez ere klima aldaketak eta ingurumen desorekek, egunen batean iraganeko gatazkak gainditzera eramanen gaituztela espero izatera bultzatzen gaituzte”. Adierazpenak berretsi egiten du, halaber, “Pirinioetan hitz egiten diren hizkuntzekiko konpromisoa; izan ere, hizkuntza horiek ikasteak eta erabiltzeak, bereziki gazteek, Pirinioetako nortasuna eta kultura bizirik mantentzea ahalbidetzen du”.
Kontseiluko kide diren agintariek, Europar Batasunean gaurkotasun handiena duen gai baten inguruan, hau da, 2028-2034 Urte Anitzeko Finantza Esparruari buruzko eztabaidaren inguruan arretaz negoziatzen jarraitzen dute, eta “estatu kideen eremutik kohesio politika edukiz hustuko lukeen birzentralizazio oro baztertzen dute”; eta “eskualde mailako lanketa, programazio eta kudeaketa esparru bat mantentzea eskatzen dute, subsidiariotasun printzipioetan oinarrituta, maila anitzeko eta deszentralizatutako lankidetza eta gobernantza batekin”. Horregatik guztiagatik, beren ustez, esparru programa berriak “eskualde eremuari eutsi behar dio, mugaz gaindiko bizi arroen garapen ekonomiko eta sozialerako eskala egoki gisa, eta europar eraikuntza sustatzeko eremu zehatza izan behar du, bai eremuaren filosofiari dagokionez bai maila politikoan”.
Era berean, berretsi egiten dute “Europako Lurralde Lankidetzaren (Interreg) garrantzia dimentsio guztietan –mugaz gaindikoa, nazioartekoa, eskualde artekoa eta ultraperiferikoa–, berrikuntzaren, elkartasunaren eta Europako erronkentzako konponbide komunen eragile gisa”. Horregatik guztiagatik, 2021-2027ko Ekintza Planaren aplikazioa eta Europako lurralde lankidetzaren inguruko Interreg Poctefa 2021-2027ren azken bi deialdien emaitzak azpimarratzeaz gain, 2028-2035 estrategia berrian integratutako mugaz gaindiko proiektu enblematikoak eta lurralde estrategiak sustatzearekin lotutako oinarrien gainean lan egitearen alde egiten dute. PLEk arrakastatsutzat jo du programa horri emandako erantzuna.
Nafarroaren kasuan, gogoratu behar da Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) Interreg POCTEFA 2021-2027 programaren bi deialdietan mugaz gaindiko 61 proiektu hautatu direla. Proiektu horiek Eskualde Garapeneko Europako Funtsetik (EGEF) datorren finantzaketa europarra jaso dute, eta guztira 18 milioi euro ingurukoa izan da, aurkeztutako proiektu guztiekin alderatuta proiektu horiek izan duten arrakasta tasa handiari esker; izan ere, bigarren eta azken deialdian ia %70ekoa izan da tasa hori.
Azkenik, PLEn parte hartzen duten eskualdeek honako hauek gogorarazi dituzte: “mugaz gaindiko loturak indartzearen garrantzia, batez ere trenbide bidezkoak; mugaz gaindiko oztopoak kentzearen beharra; eta mugaz gaindiko bizi arroen erakargarritasuna indartzearen garrantzia, lanpostuak sortzea eta ingurumena eta natura ondarea zaintzea ahalbidetuko duen garapen ekonomiko iraunkorra lortzeko”, herritarrak arrisku klimatikoetatik babeste aldera.