Nafarroako Gobernuko hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilari Begoña Alfarok gaur Donostian iragarri duenez, Euskadik eta Kataluniak gidatutako ekimenarekin bat egiten du Foru Komunitateak, Europar Batasunari politikak eta egiturazko neurriak eskatzeko, Europar Batasuneko lurralde guztietan etxebizitza eskuragarria lortzeko politika publiko unibertsalak berma ditzan. Nafarroarekin batera, Asturiasko Printzerriak ere babestu du ekimena gaur, eta, beraz, dagoeneko lau erkidegok osatzen dute ekimen hori.

Zehazki, lehendakariordeak Donostian egin den “Hiri erresilienteak tentsionatutako egoitza-merkatuen aurrean” izeneko nazioarteko jardunaldiaren barruan egin du iragarpena. Jardunaldi horretan Espainiako Gobernuko Etxebizitza eta Hiri Agendako ministro Isabel Rodriguezek, Euskadi, Katalunia eta Asturiasko etxebizitza-kontseilariek eta Iruñeko, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateek parte hartu dute, besteak beste.

Alfaro Etxebizitzako zuzendari nagusi den Elga Molinarekin eta Nasuvinsako gerente den Javier Burónekin batera egon da jardunaldian, eta han adierazi duenez “garrantzitsua da agerian jartzea Espainiako Estatuan badaudela autonomia-erkidego batzuk etxebizitzaren arazoa konpontzeko erregulazio eta esku-hartze publikoaren aldeko apustua egiten dugunak, dagoeneko porrot egin duten desregulazio- eta espekulazio-politiken alde soilik egiten dutenen aurrean, politika horiek merkatua muturreko egoerara eraman baitute milaka eta milaka familiarentzat”.

Zehazki, Nafarroako Gobernuak gaur sinatutako dokumentuan, Europako Batzordeari eskatzen zaio etxebizitzaren gaia Europako agenda sozialaren erdigunean koka dadila; epe luzerako egitura-politika bihur dadila; lurralde bakoitzerako egutegi-helburuak ezar daitezela, etxebizitza-parkearen guztizkoaren gaineko parke eskuragarriaren ehunekoa kontuan hartuta; lurralde bakoitzaren beharretarako esparru malgu bat ezar dadila eta etxebizitzaren arloko finantza-lerro iraunkor berri bat ezar dadila; Europako Inbertsio Bankuak oso epe luzerako eta interes oso baxuetan finantzatzeko erraztasunak eman ditzala; eta etxebizitza-politiken gastu publikoa aurrekontu- eta finantza-balantzeetatik kanpo dagoela jo dadila.

Jardunaldian zehar, Alfarok, Molinak eta Burónek Nafarroan etxebizitzaren arloan egiten ari diren politika publikoak azaldu dituzte hartarako antolatu diren eztabaida-mahaietan. Bereziki, honako hauek azpimarratu dituzte: Foru Komunitateko 21 udalerri Bizitegi Merkatuko Eremu Tentsionatu deklaratu dituztela; kapital publiko eta pribatuko enpresa misto bat sortu dela, harreman sinbiotiko eta ez-parasitarioak dituena, etxebizitza eskuragarriak sustatu eta eraikitzeko; eta Foru Gobernuko Etxebizitza Departamentua lantzen ari den plan sektorialak.

 

Informazio-saioa – Adimen artifizialean oinarritutako Zerbitzu Eleanitzak

Europako Batzordeko Itzulpengintzako Zuzendaritza Nagusiak informazio-saio bat antolatu du abenduaren 15ean Madrilgo Ordezkaritzan, Batzordeak administrazio publiko nazionalen, GKEen, ETEen eta unibertsitateen eskura doan jartzen dituen adimen artifizialean oinarritutako zerbitzu eleaniztunak aurkezteko, besteak beste. Saioa aurrez aurre edo online jarraitu daiteke. Kontsultatu xehetasun guztiak web-orrian.

Izena ematea nahitaezkoa da; horretarako, bete inprimaki hau.