Nafarroan, programa honek izan duen harrera aktiboaren adibidea Tuterako Gurutze Gorria, Setem, Geltoki eta Anfas erakundeak dira, Europako funtsak bermatu baitituzte aurkeztutako proiektu guztietarako.

Espainia osotik etorritako hirurogei gazte baino gehiago bildu dira asteburu honetan Iruñean Europako Elkartasun Kidegoaren Boluntariotzaren Urteko Ekitaldian parte hartzeko. Ekitaldi hori Gazteria eta Haurtzaroko Ministerioko Gazteriaren Institutuak (Injuve) antolatu du, Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin lankidetzan eta Europar Batasunak kofinantzatuta.

Europako Elkartasun Kidegoa Europar Batasunaren ekimen bat da, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei Europako kontinentean bertan nahiz kanpoan proiektu sozial eta humanitarioetan laguntzeko aukerak ematen dizkiena. “Batasunak indarra egiten du” lelopean, programak elkartasuna, gizarteratzea eta justizia soziala sustatzen ditu, eta iraunkortasunarekin duen konpromisoagatik nabarmentzen da: proiektuen % 58k helburu klimatikoak lortu nahi ditu, eta % 41ek baino gehiagok aukera gutxien dituzten gazteak inplikatzen ditu.

Europako Elkartasun Kidegoa

Ekitaldian parte hartu duten pertsonek beren boluntariotza-esperientziak partekatu dituzte metodologia aktibo eta parte-hartzaile baten bidez, eta bizitako erronkak eta ikaskuntzak azaldu dituzte. 2025ean, Europako 14.449 gaztek parte hartu dute Europako Elkartasun Kidegoaren proiektuetan, eta horietatik 428 espainiarrak dira. Horietatik, 14 nafar  aritu dira boluntario Alemania, Belgika, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Islandia, Italia, Polonia eta Txekiar Errepublikako erakundeetan .

Boluntariotza hainbat arlotan egin daiteke, hala nola ingurumenaren zaintzan, klima-aldaketa arintzean eta gizarteratzean. Horrez gain, gazteei aukera ematen die beren garapen pertsonalerako, hezkuntza-garapenerako, gizarte-garapenerako eta garapen zibiko eta profesionalerako esperientzia, trebetasunak eta gaitasunak eskuratzeko, eta, hala, haien enplegagarritasuna hobetu eta herritartasun aktiboa egiten dute.

Iruñeko ekitaldiak, halaber, gazteen artean europar herritartasunaren zentzua indartzeko balio izan du, eta egungo gizarte- eta ingurumen-erronken aurrean elkarrekin lan egitearen garrantzia azpimarratzeko. Europako RAY ikerketa-sarearen ikerketa baten arabera, Europako gazte-programetan parte hartu duten gazteen % 92k adierazi du beste kultura-testuinguru batzuetako pertsonekin harreman hobea izaten lagundu diela, eta erdiak baino gehiagok sentitzen du orain diskriminazioaren eta intolerantziaren aurka egiteko prestasun handiagoa duela.
Nafarroa, Europako boluntariotza-proiektuen harrera-lekua

Nafarroa da Europako Elkartasun Kidegoko partaideak hartzen dituen lurraldeen artean aktiboenetako bat. Gaur egun, Tudela Comparte Fundazioa, Tuterako Gurutze Gorria, Setem, Ayuda Contenedores, Geltoki, Global Ecovillage Network, Arterra Bizimodu, Gizakia Herritar Fundazioa (Paris 365), Itaka Escolapios Fundazioa, Leonardino hezitzaileen elkartea, Padre Lasa zentroa, Iruñeko Udala, Nuevo Futuro eta ANFAS  erakundeek boluntariotzak egiteko gazteak hartzeko aukera ematen dien kalitate-zigilua dute, eta, laster, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea programan sartuko dira.

Azkenik, boluntarioen harrera-proiektuak aurrera eramateko aukera ematen duten funtsei dagokienez, 2025ean, gauzatutako lehen finantzaketa-txandan, Nafarroak 340.881 euro lortu ditu, hasieran esleitutakoaren % 196 (173.510 euro ziren), eta, horri esker, Nafarroako erakundeek aurkeztutako proiektu guztiak finantzatu ahal izan dira.

Gainera, Nafarroako Gazteriaren Institutuak, Nafarroan programa hori ordezkatzen duen erakundeak, azaroaren 27an, ostegunez, Boluntariotzaren II. Jaian parte hartuko du, Boluntariotzaren Estatu Kongresuarekin bat eginez, eta Europako Elkartasun Kidegoari buruzko stand informatibo bat jarriko du.

Argibide gehiago hemen:

Europako Elkartasun Kidegoa