Kontseiluak eta Europako Parlamentuak EBren 2026ko aurrekontua adostu dute. Datorren urteko aurrekontuaren ardatzak Batasunaren lehentasunak lortzea eta egungo erronkei konponbidea ematea izanen dira. Lehiakortasuna bultzatuko du, Europaren defentsa-gaitasuna eta prestakuntza indartuko ditu, laguntza humanitarioari laguntza emanen dio eta migrazio-presioei aurre eginen die.
Horrekin batera, aurrekontuak beharrezko malgutasuna bermatzen du ustekabeko beharrizanen eta krisien aurrean azkar eta eraginkortasunez erantzuteko.
2026rako aurrekontua 192.800 milioi eurokoa da guztizko konpromisoetan, eta 190.100 milioi eurokoa guztizko ordainketetan. Aurten 715,7 milioi euro mantendu dira erabilgarri, 2021-2027 aldirako indarrean zegoen urte anitzeko finantza-esparruaren gastu-mugen barruan, eta, horri esker, EBk ezusteko beharrei erantzun ahal die.
Gaurko akordioak erakusten du Europak bere helburuak bete ditzakeela, baita garai zailetan ere. EBren 2026rako aurrekontuak aukera emanen digu gure lehentasun komunetan —segurtasuna, lehiakortasuna eta mugen kontrola— aurrera egiteko, eta, aldi berean, bermatuko digu EBk azkar eta eraginkortasunez erreakzionatzen ahalko duela ustekabeko behar eta krisien aurrean.
Nicolai Wammen, Danimarkako Finantza ministroa eta EBren 2026ko aurrekonturako Kontseiluaren negoziazio-burua
| EBren 2026rako aurrekontua (milioi eurotan) | ||
| Goiburuak | Konpromisoak | Ordainketak |
| 1. Merkatu bakarra, berrikuntza eta digitala | 22.163,0 | 23.336,6 |
| 2. Kohesioa, erresilientzia eta balioak | 71.649,8 | 73.166,7 |
| 3. Baliabide naturalak eta ingurumena | 56.529,4 | 52.577,3 |
| 4. Migrazioa eta mugen kudeaketa | 5.018,9 | 3.887,9 |
| 5. Segurtasuna eta defentsa | 2.813,5 | 2.253,3 |
| 6. Auzokoak eta mundua | 15.600,0 | 16.569,7 |
| 7. Europako administrazio publikoa | 13.277,5 | 13.277,5 |
| Tresna bereziak | 5.715,9 | 5.022,5 |
| Guztizkoa | 192.768,1 | 190.091,6 |
| Esleipenak, INBren % gisa (diru-sarrera nazional gordina) | % 1,00 | % 0,99 |
Konpromisoak hainbat finantza-ekitalditan gauzatzen diren jardueretan dirua gastatzeko lege-promesak dira. Ordainketek gaur egungo finantza-ekitaldian eta aurrekoetan EBren aurrekontuarekin hartutako konpromisoen ondoriozko gastuak estaltzen dituzte.
Hau da urteko seigarren aurrekontua EBren epe luzerako aurrekontuaren esparruan, 2021-2027rako urte anitzeko finantza-esparruan (MFF). 2026ko aurrekontua COVID-19tik berreskuratzen laguntzeko ekintzekin osatzen da, NextGenerationEUren barruan (COVID-19aren pandemiatik suspertzeko EBren plana da).