Europako Batzordeak ezohiko laguntza makrofinantzarioaren hamargarren eta azken zatia ordaindu du, 4.100 milioi eurokoa, G7ak gidatutako ezohiko diru sarreren azelerazio maileguen ekimenaren zati gisa, baita Ukrainarako Mekanismoaren esparruan 1.800 milioi euro baino gehiagoko aldizkako bosgarren ordainketa bat ere. Horrela, 5.900 milioi euroko zenbatekora iritsi da eta berretsi egin du EB Ukrainaren laguntzaile garrantzitsu eta fidagarriena dela.

Gaurko 4.100 milioi euroko ordainketa horrek bukaera ematen dio Europako Batzordearen Ukrainarako laguntza makrofinantzarioaren ezohiko programari, zeinaren barruan aurten 18.100 milioi euro eman dituen guztira maileguetan.  Zenbateko hori EBk G7ak gidatutako ezohiko diru sarreren azelerazio maileguen ekimenari egindako ekarpen osoa da, zeinaren helburu kolektiboa baita Ukrainari ia 45.000 milioi euroko premiazko finantza laguntza ematea. Orain arte, G7ko beste herrialde batzuek beste 12.800 milioi euro ordaindu dituzte, eta, beraz, laguntza osoa 30.900 milioi eurokoa izan da. G7 taldeko kideen azelerazio maileguak zein Batasunaren laguntza makrofinantzarioa ordaintzeko EBn mantendutako Errusiaren aktibo subirano ibilgetuek sortutako diru sarrerak ari dira erabiltzen, maileguen arloko Ukrainarekiko Lankidetza Mekanismoaren esparruan.

Gainera, Ukrainarako Mekanismoaren esparruan 1.800 milioi euro baino gehiago ordaintzearen helburua da Ukrainaren egonkortasun makrofinantzarioa hobetzea, administrazio publikoa indartzea eta Ukrainarako Planean ezarritako funtsezko erreformetan aurrera egitea, hori baita herrialdearen erreforma eta inbertsio programa gidatzen duen tresna nagusia. Tarte hori Ukrainak bosgarren zatiaren esparruan erreformarako bederatzi neurri zehatz eta aurreko tartetik ezartzeko zegoen beste neurri bat behar bezala gauzatu izanaren ondorioa da. Neurri horiek Batzordeak ebaluatu eta Kontseiluak azaroaren 4an onartu zituen.

Ordainketa horiekin, EBk Ukrainari emandako laguntza osoa 187.000 milioi eurotik gorakoa izan da Errusiaren eraso gerra hasi zenetik.