Batzordeak 358 milioi euro baino gehiago bideratu ditu ingurumenaren eta klimaren aldeko LIFE programaren esparruan egin diren Europa osoko 132 proiektu berri finantzatzeko. Zenbateko hori proiektu horiek finantzatzeko orotara behar diren 536 milioi euroen erdia baino gehiago da; gainerako inbertsioa nazio, eskualde eta toki gobernuek, elkarte publiko eta pribatuek, enpresek eta gizarte zibileko erakundeek emanen dute.
LIFE proiektuek funtsezko zeregina betetzen dute EB ekonomia garbi, zirkular eta erresiliente batera igarotzeko trantsizioan, EBko biodibertsitatea babesten eta lehengoratzen lagunduz, industria lehiakortasuna babestuz eta 2050erako klima neutraltasuna lortzeko EBren epe luzerako helburuari lagunduz. Inbertsio horrek inpaktu iraunkorra izanen du gure ingurumenean eta ekonomian, bai eta europar guztien ongizatean ere. Proiektuek LIFE programaren esparru guztiak hartuko dituzte. Horretarako:
- 225 milioi euro bideratuko dira (horietatik 147 milioi EBk jarriko ditu) naturara eta biodibertsitatera, eta 34 proiektu gauzatuko dira habitat naturalak, kostaldeko ekosistemak eta ur geza lehengoratzeko eta hegaztien, intsektuen, anfibioen eta ugaztunen kontserbazio egoera hobetzeko. Inbertsio horrek gure ekonomia eta ongizatea bultzatuko dituzten onurak sortuko ditu.
- 133 milioi euro (horietatik EBk 76 milioi jarriko ditu) ekonomia zirkularrari eta bizi kalitatea hobetzeari laguntzeko, eta 31 proiektu gauzatuko dira ekonomia garbi, zirkular, energetikoki eraginkor eta klimarekiko erresiliente baterako trantsizioa bultzatzeko.
- 96 milioi euro (horietatik EBk 58 milioi jarriko ditu) 19 proiekturi, klima erresilientzia eta aldaketa arintzeko ahaleginak indartzeko.
- 82 milioi euro (horietatik 77 milioi EBk jarriko ditu) 48 proiekturi, energia garbiranzko trantsizioa bizkortzeko.
Jasangarritasuna, lehiakortasuna eta bizi kalitatea babesten dituzten proiektuen adibideak
Hogeita lau proiektuk babestuko dituzte natura eta biodibertsitatea askotariko arloetan. 23,3 milioi euroko aurrekontuarekin, Suediako LIFE Heath proiektuak 2.000 hektarea txilardi leheneratuko ditu, eta intsektu polinizatzaileei, tximeletei eta sugandilei mesede eginen dieten habitatak sortuko ditu. Beste proiektu batzuek habitat naturalak leheneratuko eta babestuko dituzte Europa osoan, hala nola LIFE for RIVERS Polonian, ibaietan eta hezeguneetan zentratua (14,8 milioi euroko aurrekontuarekin), edo LIFE RePeat Alemanian, zohikaztegiekin lotua (16,6 milioi euroko aurrekontuarekin). Arriskuan dauden espezieen murrizketa leheneratzen ere lagunduko dute proiektuok; esate baterako, Belgikako LIFE ToadAlly proiektuak, anfibioen kontserbazio egoera hobetzea helburu duenak (7,3 milioi euroko aurrekontuarekin).
Ekonomia zirkularragoa eta bizi kalitate hobea sustatzeko hautatutako 31 proiektuen artean, LIFE RiverFlow proiektu letoniarrak, 8,4 milioi euroko aurrekontuarekin, 550 km ur masa baino gehiago konektatu eta hobetuko ditu. Suedian, 3,6 milioi euroko aurrekontuarekin, LIFE Woodmer proiektuak biopolimeroak ekoitziko ditu zurezko hondakinetatik abiatuta, produktu kimiko arriskutsuen eta plastikoen erabilera murrizteko ontzi eta ehunetan. Proiektuak InBioSoil, 1,9 milioi euroko aurrekontua du Espainian, eta onddoak erabiltzen ditu kutsatzaile organiko iraunkorrekin kutsatutako lurzoruak deskontaminatzeko.
Gaur iragarri diren erresilientziarako eta klima aldaketa arintzeko 19 proiektuen barruan, Hungariako LIFE COOL ZONE proiektuak (4,3 milioi euro), Austriako impaQt proiektuak (5,1 milioi euro) eta Espainiako eta Portugalgo I-LIBIM proiektuak irtenbide berritzaileak eskainiko dizkiote bero boladen erronka gero eta handiagoari. Frantziako CROPS LIFE proiektuari esker (4,3 milioi euro), landa komunitateek nekazaritza teknika berriak baliatuko dituzte nekazaritza jasangarria sustatzeko eta klima aldaketara egokitzeko. Alemaniako LIFE SUPER EU proiektuak, zohikaztegiak leheneratzearen bidez, karbonoa harrapatuko du eta EBk klimaren eta biodibertsitatearen arloan dituen helburuak lortzen lagunduko du, 10,9 milioi euroko aurrekontuarekin.
Energia garbirako trantsizioa bermatzeko, gaur iragarritako 48 proiektu berriek honako hauek hartzen dituzte barne: herritarrek bultzatutako tokiko energia kooperatibak, eraikin zaharrak birgaitzea eta bero ponpa eskuragarriak instalatzea, besteak beste. Horien artean dago LIFE SUNACADEMY, energia berriztagarriei buruzko Frantziako prestakuntza zentro berria, 1,2 milioi euroko aurrekontua duena eta egoitza instalazio handietan zentratua. Proiektuak NESOIplus, 1,8 milioi euroko aurrekontua izanen du, eta Azoreetako, Kanarietako eta Martinikako urrutiko uharte komunitateei energia garbirako eta ahalmenen garapenerako soluzioak emanen dizkie. Azkenik, BAIL-RENOV proiektuak 1,6 milioi euroko aurrekontua izanen du, eta jabeen beharrei erantzunen die Frantziako alokairuko jabetzetako energia berrikuntzako prozesu osoan.