Demokraziaren Europako Ezkutua aurkeztu du gaur Batzordeak. Ezkutu horrek zenbait neurri zehatz ezartzen ditu EB osoan demokrazia indartsu eta erresilienteak ahalduntzeko, babesteko eta sustatzeko. Eremu zibiko ireki bat da gure demokrazien muina, eta, horregatik, Batzordeak EBren Gizarte Zibilerako Estrategia bat ere aurkeztu du, gure gizarteetan funtsezko zeregina betetzen duten gizarte zibileko erakundeen konpromisoa, babesa eta laguntza indartzeko. Bi ekimen horiek dagoeneko agertu ziren Von der Leyen presidentearen norabide politikoetan eta Batasunaren egoerari buruz aurten eman zuen hitzaldian.
Demokraziaren Europako Ezkutuak eta EBren Gizarte Zibilerako Estrategiak gure sistema demokratikoen oinarriak babesteko neurriak aurkezten dituzte: pertsona libreak, hauteskunde libre eta bidezkoak, hedabide libre eta independenteak, gizarte zibil dinamikoa eta erakunde demokratiko sendoak.
Von der Leyen presidenteak hau adierazi du: «Demokrazia da gure askatasunaren, oparotasunaren eta segurtasunaren oinarria. Demokraziaren Europako Ezkutuak indartu eginen ditu herritarrei gure balio demokratikoak egunero partekatuta bizitzeko aukera ematen dieten funtsezko elementuak: adierazpen askatasuna, hedabide independenteak, erakunde erresilienteak eta gizarte zibil dinamikoa. Hori da Europaren indarra, eta une oro indar hori babesteko dugun gaitasun kolektiboa handitu behar dugu».
Demokraziaren Europako Ezkutua
Demokraziaren Europako Ezkutuaren esparruko ekintzek are gehiago indartuko dute informazioaren eta desinformazioaren manipulazioari aurre egiteko eta gure erresilientzia areagotzeko dugun gaitasun kolektiboa, gizarte osoa barne hartzen duen ikuspegi baten bidez. Demokraziaren Europako Ezkutuak hiru zutabe nagusitan aurkeztuko ditu ekintzak: 1) informazio gunearen osotasuna babestea; 2) gure erakundeak indartzea, eta bidezko hauteskunde libreak eta hedabide aske eta independenteak izatea; eta 3) gizartearen erresilientzia eta herritarren konpromisoa sustatzea.
Demokraziaren Europako Ezkutuaren emaitza garrantzitsu bat Erresilientzia Demokratikorako Europako Zentro berri bat izanen da, EBren eta estatu kideen ezagutza espezializatuak eta baliabideak bilduko dituena, mehatxuei aurrea hartzeko, antzemateko eta erantzuteko eta erresilientzia demokratikoa garatzeko dugun gaitasun kolektiboa handitzeko. Nukleoan estatu kideak dituela, zentro horrek informazio trukea ahalbidetzeko eta gaitasunen garapena sustatzeko esparru gisa balio izanen du, mehatxu komunen bilakaerari aurre egiteko, bereziki informazioaren manipulazioari, atzerriko esku hartzeei (FIMI) eta desinformazioari.
Kanpo Harremanetarako Europako Zerbitzuak kudeatutako Alerta Azkarreko Sistemaren laguntzarekin, eta harekin koordinazio estuan, Zentroak abian dauden sareak eta egiturak lotuko ditu.
Alderdi interesdunen plataforma bat sortuko da Zentroan, konfiantzazko alderdi interesdunekin elkarrizketa ahalbidetzeko, hala nola gizarte zibileko erakundeekin, ikertzaileekin eta mundu akademikoarekin, datu-egiaztatzaileekin eta hedabideetako hornitzaileekin.