Nafarroako Gobernuak, Sodena sozietate publikoak eta European Cluster Collaboration Platform (ECCP) erakundeak sustatutako topaketak Europa osoko kluster, enpresa eta administrazioetako ehun bat ordezkari bildu ditu Iruñean.
Nafarroako Gobernuak, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren bidez, European Cluster Collaboration Platform (ECCP) eta Sodena sozietate publikoarekin lankidetzan, Clusters Meet Regions topaketa egin zuen hilaren 12an eta 13an Iruñeko Baluarte Nafarroako Batzar Jauregi eta Auditoriumean, eta Europa osoko kluster, enpresa eta administrazioetako ordezkariak bildu ziren bertan. Foro horretan, hizlariak bat etorri ziren, beste ondorio batzuen artean, Europako autonomia estrategikoa eskualde arteko lankidetzaren, trantsizio berde eta digitalaren eta berrikuntzaren bidez indartzeko beharraz.
Irekiera ekitaldian, Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak hau nabarmendu zuen: “industria gure ekonomiaren funtsezko zati bat da, S4 Espezializazio Adimendunaren Estrategian sinesten dugu. Duela 9 urte klusterren politika ez zen errealitate bat Nafarroan, eta gaur egun estrategiaren arrakasta eta indargune handienetako bat da. Klusterrak behar ditugu sektoreak bultzatzeko, ekosistema indartzeko. Industriaren erantzun bat dira, industria antolatzeko eta dinamizatzeko”.
Horrez gain, Irujok hau azpimarratu zuen: “erronka asko ditugu aurretik hurrengo estrategia definitzeko prozesuan, baina mundua aldatu egin da eta oso azkar aldatzen ari da. Sektore tradizionaletan lan egiten jarraitu behar dugu, baina baita sektore berrietara ireki ere, hala nola aeroespazialera, elektronikara, bioteknologiara eta eraikuntza industrializatura. Badakigu erronka bat dela horiek garatzea, baina, Komunitate gisa, behar den guztia dugu garapen arrakastatsua lortzeko”.
Zentzu horretan, hitzordua baliagarria izan da Europako industriaren susperraldia lurraldeetatik, talentu propioarekin eta eskualdeen arteko lankidetzarekin eraiki behar dela baieztatzen duten estrategiak eta esperientziak bateratzeko. Hori horrela, hiru ideia nagusi hauek azpimarratu nahi izan dira: Europaren autonomia estrategikoa indartzearen garrantzia, trantsizio berde eta digital bikoitza azkartzeko premia eta balio kate erresilienteagoak eraikitzeko eskualdeen eta klusterren arteko lankidetzak duen balioa.
Esate baterako, Iruñean bildutako adituen artean, hau adierazi zuen Deusto Business School-eko irakasle eta Zabala Innovation-eko Management Board Advisor Guillermo Dorronsorok: “Europak berpizkunde industrial berri bat behar du; funtsezkoa sortzeko eta ekoizteko gaitasuna berreskuratzea, berezko talentuarekin eta eskualdeen arteko lankidetzarekin”. Zehazki, honako hau azpimarratu zuen: “autonomia estrategikoa gure etorkizuna hemendik eraikitzen ahal dugula berriz sinestetik hasten da”.
Bestalde, Orkestra-Basque Institute of Competitiveness-eko zuzendari nagusi James Wilsonek aztertu zuen klusterrek zer-nolako zeregina duten inbertsioak erakartzeko polo gisa. Zeregin hori, bere ikuspuntutik, “gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da autonomia estrategiko handiagoa eskatzen duen testuinguru geopolitiko batean”. Eta, batez ere, “trantsizio berde eta digitalei lotutako inbertsio behar berrien aurrean”, gaineratu zuen. Horregatik, Wilsonen arabera, “klusterren barruko dinamika kooperatiboek, inbertsioa erakartzen eta enpresa berriak sortzen laguntzeaz gain, inbertsio eta negozio berri horiek lurraldean epe luzera errotzen ere laguntzen ahal dute”.
Hitzordu horren barruan, gainera, Jan-Phillip Kramer doktoreak, Prognos-eko Head of EU Services eta ECCPko kideak, Nafarroak duen ekosistema berritzailearen inguruan garatu duen “paper”-a partekatu zuen bertaratuekin. Horrela, Enercluster nabarmendu zuen aztertzeko kasu gisa, lurraldean kokatutako energia garbien enpresen eta erakunde publikoen arteko “konektore” gisa egiten duen lanagatik.
Halaber, jardunbide egokien adibide gisa jarri zuen NAGRIFOOD eta Navarra Health Cluster (NHC) erakundeak Europan egiten ari diren lana, tokiko eragileen eta Europako homologoen arteko lankidetza bultzatzeko. “Jarduera horri guztiari esker, Nafarroa Espainiako eskualde lehiakorrenetako, berritzaileenetako eta esportaziora bideratuenetako bat da”, ondorioztatu zuen Kramerrek.
Nafarroa, autonomia industrialaren eredu
Gaur egun, Europa hegoaldeko lurralde berritzaile eta lehiakorrenetako bat da Foru Komunitatea, eskualdeko balio erantsiaren %32 ordezkatzen duen industria ehuna baitu, bai eta enpresen, zentro teknologikoen eta administrazioaren arteko zubi gisa jarduten duten bederatzi kluster aktiboko ekosistema bat ere. Nafarroako Espezializazio Adimentsu eta Jasangarrirako Estrategiaren (S4) lehentasun tematikoetako bakoitza kluster batekin lotuta dago: ACAN automobilgintzarako; NAGRIFOOD nekazaritzako elikagaietarako; Enercluster energia garbietarako; Navarra Health Cluster (NHC) osasunerako; CLAVNA ikus-entzunezkoen industriarako; eta Hoturna turismo iraunkorrerako. Horien jarduera osatzeko, bi IKT kluster daude: Functional Print eta ATANA. Gainera, eskualdeak duela gutxi ekin zion abangoardian eta gorabidean dauden sektoreei lotutako negozio eta jarduera ildo berriak aztertzeari. Sektore horiek dira, besteak beste, biologia sintetikoa, sektore aeroespaziala edo eraikuntza industrializatua (azken hori jada iCONS klusterraren inguruan biltzen ari da).
Hain zuzen ere, energia garbien, mugikortasun elektrikoaren, digitalizazioaren edo ekonomia zirkularraren arloetan Europak dituen lehentasunak enpresen arlora eramateko duen gaitasuna dela eta, Nafarroa Europako autonomia industrialaren erreferente bihurtu da eskualde mailan.
Nazioarteko parte hartzea eta enpresa lankidetza
Aurkezpenak eta eztabaida mahaiak alde batera utzita, foroan Europa osoko eskualde eta ekosistema industrialetako ordezkariak egon ziren, besteak beste: Graz (Austria), Montpellier (Frantzia), Brusela (Belgika), Suedia eta Trento (Italia), bai eta Euskadi, Aragoi, Katalunia, Errioxa, Galizia, Asturias edo Kanariar Uharteak bezalako erkidegoak ere. Presentzia handi horrek aukera eman zuen alde biko negozio topaketak egin eta proiektuak aurkezteko saio bat egiteko, ETEen, zentro teknologikoen eta Europako klusterren arteko aliantza berriak ahalbidetze aldera. Hitzordua osatzeko, Foru Komunitateko zentro teknologikoak bisitatu zituzten, hala nola CENER, Acciona, Polo Iris eta NAITEC, ikerketa aplikatuaren, industriaren eta iraunkortasunaren arteko lankidetzaren adibide diren heinean.
Clusters Meet Reginos ekitaldiari esker, Nafarroa Europako industria lidergo berrirako topagune estrategiko gisa sendotu da, eskualdeak lotzeko, berrikuntza bultzatzeko eta industria berde, digital eta autonomoa proiektatzeko gai dena. Horrela, klusterrak Europako autonomia estrategikoaren ardatz direla berretsi da: lankidetza dagoen lekuetan, berrikuntza dago; eta berrikuntza dagoen lekuetan, erresilientzia dago.