Europako Batzordeak hasiera formala eman die zenbait prozedurari, ebaluatzeko ea Googlek editoreen webguneetara sartzeko baldintza bidezkoak, zentzuzkoak eta diskriminaziorik gabekoak aplikatzen dituen Google Search-en, hori betebeharra baita Merkatu Digitalen Erregelamenduaren arabera.  

Batzordearen jarraipen lanak erakutsi duenez, Google, «webgune baten ospearen abusuari buruzko politika» oinarri hartuta, hedabideen eta beste editore batzuen webguneak eta edukiak degradatzen ari da Googleren bilaketa emaitzetan, webgune horiek bazkide komertzialen edukiak dituztenean. Googleren arabera, politika horren helburua da ustez bilaketa emaitzen sailkapena manipulatzea xede duten jardunbideak ekiditea.

Batzordearen ikerketa Googleren «webgune baten ospearen abusuari buruzko politikan» zentratzen da bereziki, eta politika hori editoreei nola aplikatzen zaien aztertzen du. Badirudi politika horrek zuzenean eragiten diola editoreek beren webguneak eta edukiak monetizatzeko duten ohiko eta bidezko modu bati.

Teresa Riberak, Trantsizio Garbi, Justu eta Lehiakorrerako presidenteorde exekutiboak, hau adierazi du: «Gaur egun neurriak hartzen ari gara bermatzeko sarbide zaindari digitalek ez ditzatela bidegabeki mugatu zenbait enpresa, haien mende daudenak beren produktuak eta zerbitzuak promozionatzeko. Kezkatuta gaude, Googleren politikek ez dutelako aukerarik ematen albisteen editoreak modu bidezko, zentzuzko eta diskriminaziorik gabean tratatzeko bilaketa emaitzetan. Ikerketa eginen dugu bermatzeko albisteen editoreek ez dutela diru sarrera garrantzitsurik galduko sektorearentzat zaila den une honetan, eta bermatzeko Googlek bete egiten duela Merkatu Digitalen Erregelamendua».  

Henna Virkkunenek, Subiranotasun Teknologikoaren, Segurtasunaren eta Demokraziaren presidenteorde exekutiboak, hau adierazi du: «Merkatu Digitalen Erregelamenduak merkatu bidezkoagoak eta berrikuntza bermatzen ditu EBn enpresentzat eta kontsumitzaileentzat. Alphabetek betebeharrak bete behar ditu eta editoreei Google Search-en sartzeko baldintza orokor bidezkoak, zentzuzkoak eta diskriminaziorik gabeak eskaini behar dizkie. Gure ikerketaren helburua da editoreen finantzaketa, enpresa askatasuna eta, azken batean, hedabideen aniztasuna eta gure demokrazia babestea».

Informazio gehiago prentsa oharrean.