Europako Batzordeak finantza-zerbitzuen sektorean iraunkortasunari buruzko informazioa zabaltzeari buruzko Erregelamenduaren zenbait aldaketa proposatu ditu gaur. Erregelamendu hori da EBren gardentasun-esparrua ingurumen- edo gizarte-helburuak dituzten finantza-produktuentzat.

Aldaketek helburu hau dute: egungo gabeziak konpontzea, arauak sinpleagoak eta eraginkorragoak izatea, eta merkatuko errealitateekin hobeki etortzea bat. Berrikusitako arauak txikizkako inbertitzaileei egokituagoak egonen dira eta erabilgarriagoak izanen dira enpresentzat.

Batzordeak erregelamendua zehatz-mehatz berrikusi ondoren, agerian geratu da, egungo esparruarekin, ematen den informazioa zabalegia eta konplexuegia dela, eta, beraz, inbertitzaileentzat zaila dela finantza-produktuen ingurumen- edo gizarte-ezaugarriak ulertzea eta alderatzea. Gainera, Erregelamendua etiketatzeko sistema gisa erabili da de facto azkenean, eta horrek nahasmena sortzeaz gain (batez ere txikizkako inbertitzailearentzat), handitu egin du zuriketa ekologikoa eta abusuzko salmenta egiteko arriskua. Hori dela-eta, Erregelamenduak ez du erabat bete bere helburua, EBko finantza-sektoreak iraunkortasunaren arloan Europak dituen lehentasunei kapitala esleitzen laguntzea, alegia.

Gaur proposatutako aldaketen ondorioz, inbertitzaileentzat errazagoa eta erabilgarriagoa izanen den informazioa zabalduko da, eta inbertitzaileek ezagutza handiagoarekin aukeratzen ahalko dute. Bestalde, finantza-produktuen hornitzaileek informazioa zabaltzeko baldintza gutxiago izanen dituzte, eta, hala, kostuak murrizten ahalko dituzte. Oro har, aldaketek EBren lidergoa indartuko dute finantza jasangarrien eta finantza-sektorearen lehiakortasunaren arloan. Horrez gain, txikizkako inbertitzaileek EBko kapital-merkatuetan parte-hartze handiagoa izatea bultzatuko dute, Aurrezki eta Inbertsioen Batasunaren helburuekin bat etorriz, eta funtsen fluxua jasangarritasunarekin lotutako helburuetara bultzatzen lagunduko dute.

Informazio gehiago