Europako Batzordeak 70 proiektu hautatu ditu garraioa deskarbonizatzen eta EBko industrien lehiakortasuna indartzen laguntzeko, garraiobideak kargatzeko edo erregaiz hornitzeko behar den azpiegitura instalatuz. Proiektu horiek 600 milioi euro baino gehiago jasoko dituzte «Europa konektatzea» mekanismoaren bidez, inbertsio jasangarriak sustatzeko hiriguneetan (portuetan eta aireportuetan barne), bai eta Europa barneko garraio-sareko errepide-zatietan (EBS-T) ere.
Europa osoan daude diruz lagundutako proiektuak. Esate baterako, 24 portuk funtsak jasoko dituzte portuan elektrizitate-hornidura zabaltzeko, portu-eragiketak ekologizatzeko eta amoniakoa hornitzeko azpiegituretan inbertitzeko. Neurri horiek lagungarri izanen dira sektorea erregai berriztagarri eta hipokarbonikoetarantz igarotzeko, eta hori Garraio Jasangarrirako Inbertsio Planak babesten duen lehentasuna da.
Bien bitartean, EBS-T osoan zehar jendearen eskura dagoen birkarga-puntuen sarea handitu eginen da, 500 postu baino gehiago jarriko baitira, kamioientzako birkargatze-azpiegitura berriak sartuko dira-eta, megawatt kargagailuak barne.
Erregai alternatiboetarako azpiegiturei buruzko mekanismo hori funtsezkoa da EBk Europa barneko garraio sare osoan ordezko erregaien hornidura azpiegitura zabaltzeko egiten dituen ahaleginetan. Aireko eta itsasoko sektoreak deskarbonizatzea helburu duten «ReFuelEU Aviation» eta «FuelEU Maritime» erregelamenduak osatzen ditu. Funtsak agortu egin direnez, hirugarren epea bertan behera geratuko da. Batzordeak, orain, zer errefluxu izan daitezkeen aztertuko du, eta, ondoren, lan-programa berri bat eta proposamenen deialdi berri bat prestatuko ditu datozen hilabeteetan.
Bisitatu Klimaren, Azpiegituren eta Ingurumenaren Europako Agentzia Exekutiboaren (CINEA) orria, hautatutako proiektuei buruzko informazio gehiago kontsultatzeko.