Europako Batzordeak ospatu egin du Europako Parlamentuaren eta Europar Batasuneko Kontseiluaren arteko akordioa, EBren 2026ko urteko aurrekontuari buruzkoa. Datorren urteko aurrekontuak EBren lehentasun politikoak sustatzen eta haren helburu estrategikoak babesten jarraituko du, hala nola Ukrainari laguntzea, lehiakortasuna, migrazioaren kudeaketa, segurtasuna eta defentsa, eta, aldi berean, lehentasun ekologikoak eta digitalak bultzatzen jarraituko da.
Aurrekontu hori EBren 2021-2027 aldirako urte anitzeko finantza esparruaren (MFF) barruan dago. Aldi horretan ezusteko gertaera batzuk izan ziren, hala nola munduko pandemia bat, Europako kontinentean gerra berpiztea, krisi energetikoa eta nazioartean gero eta tentsio geopolitiko handiagoak. 2026. urtea NextGenerationEUren esparruan —COVID-19aren agerraldiaren ondoren Batasunak ekonomia berreskuratzeko duen funtsaren esparruan— funtsezko ordainketak eginen dituen azkena izanen da.
EBren 2026rako urteko aurrekontuak honako hauek biltzen ditu:
- Ukrainarako finantzaketa egonkorra eta aurreikusteko modukoa Ukrainarako Mekanismoaren bidez;
- laguntza humanitariorako eta auzotasun-politikarako finantzaketa indartzea;
- segurtasuna eta defentsa.
Kohesio-funtsen tarteko berrikuspenetik abiatuta, aurrekontu honek pizgarri eta malgutasun handiak sortzen ditu estatu kideek kohesio-funtsak birprogramatu ditzaten sortzen ari diren lehentasunetara, batez ere lehiakortasunaren, defentsaren, etxebizitza eskuragarriaren, erresilientzia hidrikoaren eta trantsizio energetikoaren arloetan. Horri esker, kohesio-politikaren muina osatzen duten eskualdeek premia handiena duten eremuetara bideratzen ahalko dituzte inbertsioak, eta EBko funtsen onuradunei tokian bertan egin beharreko ordainketak bizkortzen ahalko dituzte.
2026rako urteko aurrekontua Europar Batasuneko Kontseiluak eta Europako Parlamentuak onartu behar dute formalki. Prozesuaren azkena ekarriko duen osoko bilkurako bozketa 2025eko azaroaren 26rako aurreikusita dago.