Europako Batzordearen 2025eko udazkeneko aurreikuspen ekonomikoek erakusten dute 2025eko lehen hiru hiruhilekoetako hazkundeak aurreikuspenak gainditu zituela. Nahiz eta emaitza onak, hasiera batean, esportazioek muga-zergen igoerak izanen zirela aurreikusten zelako egin zuten gora, EBko ekonomiak hazten jarraitu zuen hirugarren hiruhilekoan.
Etorkizunari begira, aurreikuspenen denbora-horizontean jarduera ekonomikoak erritmo ertainean hazten jarraitzea espero da, nahiz eta kanpoko testuinguru zaila izan.
Aurtengo udazkeneko aurreikuspenen arabera, EBko BPG erreala % 1,4 haziko da 2025ean eta 2026an, eta % 1,5era iritsiko da 2027an. Eurogunean joera hori islatzea espero da, eta BPG erreala % 1,3 haztea 2025ean, % 1,2, berriz, 2026an eta % 1,4, 2027an. Euroguneko inflazioak jaisten jarraituko duela aurreikusten da: 2025ean % 2,1era jaistea espero da, eta aurreikuspen-aldian % 2 inguruko gorabeherak izatea. EB osoari erreparatuta, inflazioak pixka bat handiagoa izaten jarraituko du, eta % 2,2ra jaitsiko da 2027an.
Enpresa-adierazleek eta inkesta berrienetako datuek adierazten dute erritmoa positiboa eta iraunkorra izanen dela hurrengo hiruhilekoetan. Epe luzeagora begira, testuinguru globalak zaila izaten jarraituko du, baina aurreikusten da lan-merkatuaren erresilientziak, erosteko ahalmenaren hobekuntzak eta finantzaketa-baldintza onuragarriek neurrizko hazkunde ekonomikoa izaten lagunduko dutela.
Gainera, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa eta EBko beste funts batzuk aurrekontu-saneamenduaren eragina moteltzen ari dira estatu kide batzuetan. Laguntza horrek barne-eskariari eusten dio, eta hazkundearen eragile nagusia izatea aurreikusten da aurreikuspenen denbora-horizontean. Kontsumo pribatua etengabe haziko da, lehen aipatutako faktoreek lagunduta, baina baita aurrezki-tasak pixkanaka behera eginen duelako ere. Inbertsioak bultzada berreskuratuko duela aurreikusten da, batez ere bizitegiz kanpoko eraikuntzak eta ekipamenduko kapital-gastuak eraginda.
EBk ekonomia oso irekia du, eta indarrean dauden merkataritza-murrizketekiko kaltebera izaten jarraitzen du; baina Estatu Batuek eta hainbat merkataritza-bazkidek —EB barne— lortutako merkataritza-akordioek arindu egin dituzte udaberriko aurreikuspenek iluntzen zituzten ziurgabetasunetako batzuk.
Aurreikuspenen oinarria da Estatu Batuetako Administrazioak urriaren 31ko muga-egunean herrialde eta sektore espezifikoei aplikatzen dizkien muga-zerga guztiak aurreikuspen-epe osoan zehar aplikatuko direla. Mundu-esparruari erreparatuta, merkataritza-oztopoek maximo historikoak lortu dituzte, eta Estatu Batuetarako esportazioen gainean EBk aurre egin behar dien muga-zergen batezbestekoa 2025eko udaberriko aurreikuspenetan zenbatetsitakoa baino handiagoa da orain. Hala ere, EBko esportazioek dituzten muga-zergak txikiagoak dira munduko beste eragile garrantzitsu batzuei aplikatzen zaizkienak baino. Horrek abantaila erlatibo txiki bat dakarkio EBko ekonomiari; baina kontuan izan behar da munduko merkantzia-merkataritza ahula dela, eta euroa, berriz, indartsu dagoela, eta horrek kanpo-eskaria moteltzen du.