Europako Plan4CET proiektuko partzuergoko kideak Iruñean bildu dira aste honetan, lurralde mailako energia trantsizioa bultzatuko duten ikuspegiak, problematikak eta ezagutzak trukatzeko.

Energia Trantsiziorako eta Trantsizio Digitalerako, Enpresen I+G+b-rako eta Ekintzailetzarako Zuzendaritza Nagusiak, Energia Trantsizioko Zerbitzuaren bidez, Plan4CET Europako proiektuaren koordinatzaile gisa, Iruñean bildu ditu egunotan Nafarroatik, Parmatik (Italia) eta Skånetik (Suedia) etorritako bazkideak, eskualde bakoitzean egiten ari diren energia trantsiziorako prozesuak partekatzeko eta horietan aurrera egiteko.

Bi egunetan zehar, proiektu honetako kideek hainbat bilera egin dituzte beren egoeraren berri emateko eta Nafarroan Nasuvinsa sozietate publikoaren eta Iruñeko Udalaren laguntzarekin ezartzen ari diren ekintzak azpimarratzeko.

Aurkeztutako ekimenen artean, aipatzekoa da Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarra, Nafarroako Gobernuko Klima Aldaketaren Bulegoko zuzendari Fernando Señasek aurkeztua, zeinak nabarmendu baitu parte hartze publikoa garrantzitsua dela, herritarrek ikuspegi inklusiboagoa eta eraginkorragoa eman diezaieten klimaren arloko politikei.

Bestalde, Iruñerriko Energia Berriztagarrien eta Zerbitzu Azpiegituren arduradun Javier Zardoyak erakundearen Deskarbonizazio Estrategiaren berri eman du, helburu duena 2030erako karbono neutraltasuna lortzea, bere lan arloen osagarritasuna bilatzen duten ikuspegi zirkularreko ekintzen bidez.

Nasuvinsa eta Iruñeko Udala arduratu dira Nafarroako geografiako hainbat puntutan Energiaren Leihatila Bakarra ezartzean eskuratutako esperientzietan arreta jartzeaz, eta zerbitzu horrek herritarrei ez ezik, udalerriei eta haien alde egiten duten gobernuei ematen dizkien onurak azaldu dituzte.

Gainera, Izabeibar-Noveneraren eredua jarri da, lankidetza publiko pribatu bat, Artaxoako, Mendigorriako, Obanosko eta Garesko PACESen (Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza Planak) ekintzak bultzatzen dituena, bertan kokatutako tokiko erakundeekin eta energia komunitateekin lankidetzan.

Azkenik, Zuhaitz Areitio Iruñeko Udaleko Energia eta Klima arloko 2030 Agendaren arduradunak Iruñeko hiriaren eta auzo bakoitzeko komunitate energetikoen eredua aurkeztu du, hiriburuak behar energetikoak asetzeko entitate eredu horren alde egindako apustuaren erakusgarri.

Partzuergoko kideek energia eraginkortasunarekin eta jasangarritasunarekin lotutako hiru leku bisitatu dituzte Iruñean: Salestarren komentua, Txantreako biomasa bidezko bero zentrala eta Cardenal Ilundáin aparkalekua.

Jardunaldi horien bidez, Plan4CET proiektuaren hurrengo urratsak ere zehaztu dira, eta datorren otsailean Bruselan eginen den proiektuaren azken topaketa planifikatu da.

Plan4CET proiektua Nafarroako Gobernua buru duen partzuergo batek gauzatzen du, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+b-ko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiaren bidez. Gainera, Iruñeko Udalak, NASUVINSAk eta ZABALA Innovation aholkularitza enpresak ere parte hartzen dute. Gainerako erakundeak Italiako Emilia Romagna eskualdekoak (Comunne di Parma, Province di Parma, EURAC ikerketa pribatuko zentroa, Parmako Energia Agentzia eta Emiglia Romanako Agentzia), Suediako Skäne eskualdekoak (SKÄNE energia agentzia) eta Belgikakoak (FEDERANE, Europako Energia Agentzien Elkartea) dira.

Proiektuaren aurrekontua, guztira, 1,5 milioi eurokoa da; horietatik 270.000 euro Nafarroako Gobernuak berak gauzatutako ekintzetarako izanen dira, 163.000 euro NASUVINSArentzat izanen dira, 138.000 euro Zabalarentzat eta 90.000 euro Iruñeko Udalarentzat.

Plan4CETez gain, energia trantsiziora bideratutako beste proiektu europar batzuen berri ere eman zen.

Alde batetik, Life-SMART proiektuaren arduradunak bere planak eta helburuak azaldu zituen. Ekimen honen helburua da bost herrialdetako tokiko administrazio txiki eta ertainen gaitasun teknikoa eta antolakuntzakoa areagotzea, energia trantsiziorako planak edo estrategiak ikuspegi integratu baten bidez diseinatu, inplementatu eta kudeatu ahal izan ditzaten.

Bukatzeko, Step-WISE proiektuaren barruan udalerrien energia plangintzarako garatutako tresna azaldu zen, tokiko eta eskualdeko agintaritzak ahalduntzeko eta energia trantsizioaren lider autonomo bihurtzeko diseinatutako trebakuntza programa.