Hogeita bat hegazkin konpainiak konpromisoa hartu dute Kontsumitzaileak Babesteko Lankidetza Sareak (CPC) engainagarritzat jo zituen ingurumen adierazpenei buruzko jardunbideak aldatzeko, Europako Batzordearekin eta CPC sarearekin hitz egin ondoren (Herbehereetako Kontsumitzaile eta Merkatuen Agintaritzak, Belgikako Ekonomia Ikuskaritzako Zuzendaritza Nagusiak, Norvegiako Kontsumitzaileen Agintaritzak eta Espainiako Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak zuzendua).

Honako konpainia hauek adostu zuten aldaketak egitea beren jardunbideetan: Air Baltic, Air Dolomiti, Air France, Austrian Airlines, Brussels Airlines, Eurowings, Easyjet, Finnair, KLM, Lufthansa, Luxair, Norwegian, Ryanair, SAS, SWISS, TAP, Transavia France, Transavia CV, Volotea, Vueling eta Wizz Air.

Henna Virkkunen Subiranotasun Teknologikoaren, Segurtasunaren eta Demokraziaren presidenteordeak hau adierazi du: «Elkarrizketa hau kontsumitzaileei egiazko informazioa emateko eta hegazkintzaren ingurumen inpaktua murrizteko benetako hobekuntzen alde lan egiteko partekatzen dugun erantzukizunaren aitorpen pozgarria da. Oso pozik nago hegazkin konpainiek beren jardunbideak aldatzeko konpromisoa hartu dutelako».

Michael McGrath Demokrazia, Justizia, Zuzenbideko Estatu eta Kontsumitzaileen Babeseko komisarioak honako hau adierazi du: «Kontsumitzaileak dira gure ekonomiaren indar eragilea. Europarrek behin eta berriro erakutsi dute etorkizun iraunkorrago eta erresilienteago bat lortzen lagundu nahi dutela. Orain garrantzitsua da industria ahalegin horien mailan egotea, ingurumen adierazpenen gardentasuna eta zintzotasuna bermatuz. Kontsumitzaileek informazio argia eta zehatza merezi dute aire garraioaren benetako inpaktuari buruz eta jasangarritasuna areagotzeko egiten ahal diren benetako ahaleginei buruz».

Konpainia horiek guztiek konpromisoa hartu dute hemendik aurrera ez adierazteko hegaldi jakin baten CO2 emisioak neutralizatu, konpentsatu edo zuzenean murrizten ahal direla kontsumitzaileek klima babesteko edo hegazkintzako erregai alternatiboak erabiltzeko proiektuetarako egiten dituzten finantza ekarpenen bidez.  Kontsumitzaileak babesteko agintaritza nazionalek gainbegiratuko dute konpromiso horiek behar bezala aplikatzen direla, hegazkin konpainia bakoitzak jakinarazitako egutegiaren arabera. Hegazkintzan lehia zintzoa eta bidezko lehia baldintzak bermatzeko, merkatu bakarrean diharduten beste hegazkin konpainia batzuen jardunbideak ere ebaluatuko ditu sareak, eta, beharrezkoa denean, konpromiso berberak eskatuko dizkie.

Konpromisoen zerrenda osoa online kontsultatzen ahal da, eta xehetasun gehiago aurkitzen ahal dira prentsa oharrean.