Nekazaritzako Elikagaien Plan Osagarriak bukaera eman dio bere ibilbideari Iruñean egindako ekitaldi nazional batean, 250 I+G proiektu baino gehiagorekin eta Espainiako nekazaritzako elikagaien sektorea eraldatzeko bultzada erabakigarriarekin.

AGROALNEXT Nekazaritzako Elikagaien Plan Osagarriari bukaera emateko, zeina Nafarroako Foru Komunitateak koordinatu baitu CNTAren bidez (Elikagaien Teknologia eta Segurtasunerako Zentro Nazionala), ostiral honetan itxiera ekitaldia egin da Baluarten. Hala, bukaera sendoa eman zio hiru urteko lankidetza lanari, non zientzia, teknologia eta ezagutza ikertu eta garatu baitira Espainiako nekazaritzako elikagaien sektorearen eraldaketa bultzatzeko.

Lehen mailako ekoizpen jasangarria, sektorearen digitalizazioa, elikagai osasuntsu, seguru eta eskuragarrien ekoizpena eta ekonomia zirkularra izan dira 49 milioi euroko inbertsioa duen plan honen ikerketa fokuak; Horietatik 32 Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak jarri ditu (MCIU), NextGenEU funtsen bidez; eta 17 parte hartu duten 7 autonomia erkidegoek: Nafarroa, Errioxa, Asturias, Murtzia, Extremadura, Valentziako Erkidegoa eta Aragoi.

Nafarroak Europako funtsei esker garatutako 250 I+G proiektuetatik 37tan parte hartu du. Horiek guztiak nekazaritzaren erresilientzian, hobekuntza genetikoan eta ongarritze iraunkorrean zentratuta egon dira. Hala gogorarazi du María Chivite Navascués lehendakariak, itxiera instituzionalaren arduraduna izan denak. Bere hitzaldian adierazi duenez, nekazaritzako elikagaien sektorea eredu iraunkorrago, digitalago eta osasungarriago baterantz eraldatzeko erronkaren aurrean, “2025eko Nafarroa erronka horri aurre egiteko prest dago”. Izan ere, lehendakariak gogorarazi duenez, “Nafarroako nekazaritzako eta industriako sektorean lortutako aurrerapena, BPGren %6,79 ematen duena, enplegu sorkuntzan bigarrena da automobilgintzaren ondoren, eta esportazioen buru da, azken urteetan %40tik gorako hazkundea izan baitu”.

“Harro nago Nafarroa programa honen koordinatzaile gisa izaten ari den paperarekin, bai eta CNTAk proiektuak koordinatzeko erakutsi duen lidergoarekin ere. Horretarako, baliabide ekonomiko ugari bideratu ditugu. Estatuko 49 milioietatik 18,7 Nafarroan exekutatu dira. Herena Foru Gobernuak eman du zuzenean, eta gainerakoa Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak, CNTAk kudeatuta. Zalantzarik gabe, Nafarroan eta herrialde osoan elikagaien berrikuntzan inoiz egin den inbertsiorik handiena da ”, ondorioztatu du Chivitek.

Aurretiaz egin den mahai inguruan, eta Nafarroako lehendakariak azaldutakoaren ildotik, Juan Luis García Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak azaldu du Nafarroa hainbat ekimenetan ari dela lanean Plan Osagarri horri jarraipena emateko. Horien artean, EATEX Food berrikuntza huba sendotu izana nabarmendu du, Espainiako, Nafarroako eta Errioxako gobernuekin batera nekazaritzako elikagaien lehen sandboxa bultzatu duena, “tresna aitzindaria baita teknologiak baliozkotzeko ingurune erregulatzaile seguruetan”. Halaber, Garcíak adierazi du 2026-2030 aldirako Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berriak “jarraitutasun mekanismoak eta ezagutzaren transferentziara bideratutako ildo espezifiko bat jasoko dituela, nekazaritzako elikagaien sektoreak gure lurraldean duen posizio estrategikoa indartzeko”.

AGROALNEXT ekimen aitzindaria izan da lankidetza ikuspegiari dagokionez, eta parte hartu duten zazpi komunitateetako zentro teknologikoen eta unibertsitateen lana integratu du, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren (MCIU) eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren (MAPA) babesarekin.

AGROALNEXTen barruan garatutako proiektuen xedea izan da nekazaritzako elikagaien sektorearen eraldaketa bikoitza –digitala eta jasangarria– bultzatzea, Europako Itun Berdearen helburuekin eta Baserritik Mahaira estrategiarekin lerrokatuta.

Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateetako estatu idazkari Juan Cruz Cigudosak adierazi duen bezala, “AGROALNEXTek argi erakusten du administrazioen arteko lankidetzak sektore estrategikoen eraldaketa bizkortzen ahal duela, hala nola nekazaritzako elikagaien sektorearena. Sektorearen gaitasun zientifikoa eta teknologikoa indartu ditugu eredu jasangarriago eta digitalago baterantz aurrera egiten dugun bitartean, Europako konpromisoen ildotik”.

Informazio gehiago