Aierdi kontseilariak amaiera eman dio Europako LIFE NAdapta proiektuari, 250 adituren aurrean, eta erreferentzia izan da klima larrialdiaren aurrean gobernuek egin beharreko eraldaketan
Politika sektorialak klima aldaketaren errealitatera egokitzeko 53 ekintza zehatz burutu ditu Nafarroako Foru Komunitateak, Europako LIFE NAdapta (www.lifenadapta.es) proiektuaren esparruan. Arlo horretan Europako eskualde batean garatzen den lehenengo estrategia da LIFE NAdapta, eta 15,6 milioi euroko inbertsioa izan du, Europako Batzordeko Klimaren eta Ingurumenaren Agentziak (CINEA) % 60an finantzatuta.
Nafarroako Gobernuaren Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak eta Klima Aldaketarako Bulegoak LIFE-IP NAdapta-CC Europako proiektuaren amaiera ekitaldia egin dute gaur, ostirala, Nafarroako hiriburuko Baluarte Jauregian. Hainbat erakunde publiko, pribatu, profesional, akademiko edo zientifikotako 250 espezialista izan dira ekitaldian, eta Foru Komunitatearen lehenengo urratsa izan da, gobernu politikak hurrengo hamarkadetako klima egoerara egokitzeko.
LIFE NAdapta proiektuaren arlo batzuetan ekintza zehatzak eta klima aldaketara egokitzeko proiektu pilotuak egin dira, besteak beste, tokiko erakundeek egiten dituzten hurbileko ekintza klimatikoak sustatzea, klima aldaketak pertsonen osasunean duen eragina ikertzea, nekazaritza birsortzailea eta elikadura kanal laburrak hobetzea, suteen aurrean basoen kudeaketa jasangarria garatzea, uraren zikloaren kudeaketa integrala eta uholde-arriskuaren aurreko prebentzioa edo trantsizio energetikorako proiektuak hiria berroneratzearen arloan.
LIFE NAdapta proiektuaren amaierako ekitaldiaren irekieran, Foru Gobernuaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, José María Aierdik, 2022ko martxoan Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legea onartzea Nafarroan mugarri izan zela aipatu du, baita haren ondorengo garapena ere, “modu arduratsuan, Klima Aldaketarako Bulego berriaren eta ekimen berritzaileen bidez, hala nola Klima-aldaketaren Nafarroako Herritarren Batzarra abian jarrita, Foru Komunitatean demokrazia deliberatiboaren arloan egin den lehenengo esperientzia izan baita”.
Era berean, Aierdi kontseilariak ondorioztatu duenez, LIFE NAdapta proiektua “lehenengo saiakera bat baino ez da izan, tresna berriak behar dituen bidean. Tresna horiek, natura ingurunea zaintzeko politika klasikoetatik harago, aukera emanen digute gure inguruan esku hartze eraldatzaileko estrategia bat hedatzeko, ekoizpen eredua aldatzen joateko, jasangarritasunaren eta garapenaren arteko oreka justua eta arduratsua bilatzeko, naturaren eta giza ekintzaren artean, eta, hartara, egoera berrira hobeki egokitzeko”.
Bestalde, Europako proiektuaren amaieraren ekitaldian, Paloma Alba Garrotek (Europako Batzordeko Klimaren, Azpiegituren eta Ingurumenaren Europako Agentzia Exekutiboko (CINEA) zuzendaria) nabarmendu du “Nafarroak Europan erreferentziazko eskualde gisa duen eginkizun aitzindaria, klima ekintzaren zeharkako ikuspegiagatik”.
LIFE NAdapta proiektuak gobernantza klimatikoaren eredu berritzailea eratu du, funtsezko sei esparrutan: tokiko ekintza, ura, nekazaritza eta abeltzaintza, basoak, osasuna eta lurraldea. Foru Gobernuaren Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak gidatu du, NUPeko talde adituekin, Orekan, Intia, Nasuvinsa eta Nilsa sozietate publikoekin eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin (NOPLOI) batera.