José Mari Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, Ruben Goñi Landa Garapeneko zuzendari nagusiak eta Nafarroako Toki Ekintzako lau taldeen ordezkariek Nafarroan dagoeneko burutu diren proiektu berriak ezagutzera eman dituzte (Departamentuak LEADER funtsen bidez emandako laguntzei esker). Europar Batasuneko Landa Garapeneko Programa da LEADER, beherantz begirako ikuspegian oinarritzen da, eta Toki Ekintzako taldeek bere lurraldeetan ekonomia eta bizi-kalitatea sustatzeko estrategiak ezartzen ditu.
Deikaztelun egindako jardunaldian, Cederna Garalur, EDER, TEDER eta Erdialdeko Garapen Partzuergoa taldeek erakutsi nahi izan dute udalek ez ezik, enpresa pribatuek eta funts horiekin diruz lagundutakoek abian jarritako ekimenak “tresna baliotsua direla ekintzailetza bultzatzeko, landa eremuak biziberritzeko eta tokiko ekonomia aktibatzeko”. Hala adierazi du Aierdi kontseilariak, eta azpimarratu du “funtsezkoa dela sektore pribatuaren eta ekintzaileen ekimenen eskutik lan egitea gure herrietan garatu beharreko proiektuak zabaltzeko eta dibertsifikatzeko, eta prozesu horiek hasieratik amaierara arte egiten laguntzeko”.
Toki Ekintzako Taldeen ordezkariek adierazi dute LEADER laguntzak direla horretarako oinarria, eta dei egin dute, tokiko erakundeak ez daitezen izan beren proiektuak helarazten dituzten bakarrak, eta edozein ekintzaile haiekin harremanetan jar dadin, lurraldean bertan lehenengo lerroan landa eremuak biziberritzen dituzten ekimenak nola egin aztertzeko.
Deikazteluko jardunaldiak LEADER laguntzen dimentsio globala ezagutarazi nahi izan du (urtero Landa Garapeneko Departamentuak bi urteko emakidarekin deitu eta kudeatzen ditu), lurraldean duen garrantziagatik. Adibide modura, azken urtean 92 proiektu jarri dira martxan Nafarroa osoan, eta 4 milioitik gorako zuzkidura izan duen 2023ko deialdiaren emaitza izan dira, Toki Ekintzako Taldeen aholkularitzarekin batera. Horietatik 57 proiektu tokiko erakundeek sustatu zituzten eta enpresa pribatu edo ekintzaileek 35.
Gainera, nabarmendu behar da Foru Komunitateak Europako Batzordeak eskatzen duenaren bikoitza bideratzen duela LEADER programara; izan ere, Bruselak adierazten du programa bakoitzeko FEADER gastuaren % 5 gutxienez LEADERera bideratu behar dela, eta Nafarroak % 10,5 bideratzen du.
Hain zuzen ere, proiektu horietako batzuk erakusteko eta ezagutarazteko, lau bideo jarri ziren ikusgai astelehenean, lau adibide zehatzekin. Horiek guztiak ekintzaileek jarri dituzte martxan, beren eskualdeko Toki Ekintzako Taldearen eskutik eta Landa Garapeneko finantzaketarekin.