Batzordeak pozik hartu du estatu kideek Parisko Akordioaren esparruan EBko nazio-mailan ekarpen berri eta asmo handiko bati buruz lortutako akordioa. Belemen (Brasil) eginen den Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentziari (COP30) aurrea hartuta, EBk argi eta garbi erakutsi dio munduko komunitateari Parisko Akordioaren helburuak lortzeko konpromiso irmoa eta komuna duela. Era berean, kide globalekin konprometituta jarraitzen duela adierazi du, berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioak elkarlanean murrizteko. Horrek agerian uzten du EBren konpromisoa eta lidergoa.
EBn nazio-mailan zehaztutako ekarpen berria, orain Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmenari (NBKAEH) aurkeztuko zaiona, 2035erako berotegi-efektuko gasen emisio garbiak 1990eko mailei begira % 66,25 eta % 72,5 artean murriztean datza, ekonomiaren sektore guztiak eta BEG guztiak barne hartuta. Asmo handiko mugarria da; izan ere, 2040rako % 90eko murrizketa garbia lortzea du helburu 1990eko mailekin alderatuta. Helburu horrek, era berean, EBk 2050erako klima-neutraltasuna lortzea errazten du.
Batzordeak pozik hartu ditu, halaber, EBko estatu kideek EBren 2040rako klima-helburuari buruzko orientazio orokorra adosteko egindako aurrerapenak. 2040rako helburu nagusi juridikoki loteslea adostu dute, % 90ekoa, nazio-mailan % 85eko helburua ezarrita, eta % 5era arteko nazioarteko karbono-kredituak.
Orain, EBk COP30en parte hartuko du, nazio-mailan ekarpen berriak zehaztuta, 2040rako helburuari buruzko eztabaidetan argi eta garbi aurrera eginda, eta mezu argi batekin: Europak klima-konpromisoak betetzeko bidea mantentzen du, bai etxean, bai munduan.
Xehetasun gehiago kontsultatzen ahal dira linean, prentsa oharrean.