Europako Batzordeak 700 milioi euroko laguntza-araubide bat onartu du Espainian teknologia garbiak fabrikatzeko gaitasuna handituko duten inbertsio estrategikoak laguntzeko, Industria Garbiaren Itunaren helburuekin bat etorriz. Neurri horrek zero emisio garbiko ekonomia lortzeko trantsizioan lagunduko du. Araubidea Industria Garbiaren Itunaren estatu-laguntzen esparruan onetsi da, zeina Batzordeak onartu baitzuen 2025eko ekainaren 25ean.

Espainiak 700 milioi euroko laguntza-araubide bat jakinarazi zion Batzordeari, fabrikatzeko gaitasuna handituko duten inbertsio estrategikoak laguntzeko, eta, horrela, Industria Garbiaren Itunaren helburuak lortzen laguntzeko.

Araubidearen helburua da Industria Garbiaren Itunaren estatu-laguntzen esparruko II. eranskinean jasotako zero emisio garbiko teknologiak ekoizteko fabrikazio-gaitasuna handituko duten inbertsioetarako laguntzak ematea, bai eta teknologia horien osagai espezifiko nagusiak ekoizteko ere. Araubide horren arabera, zuzeneko dirulaguntza gisa emanen dira laguntzak. Laguntzak Espainiako lurralde osoko enpresei eman ahalko zaizkie. Laguntzak 2028ko abenduaren 31ra arte eman ahalko dira.

Batzordeak egiaztatu du Espainiako araubidea bat datorrela Industria Garbiaren Itunaren estatu-laguntzen esparruko 6.1 atalean ezarritako baldintzekin. Laguntzak teknologia garbien eta haien osagai espezifiko nagusien ekoizpena sustatuko du batez ere.

Batzordeak ondorioztatu du Espainiako laguntzen araubidea beharrezkoa, egokia eta neurrikoa dela zero emisio garbiko ekonomia lortzeko trantsizioa bizkortzeko eta jarduera ekonomiko jakin batzuen garapena sustatzeko, bi-biak garrantzitsuak baitira Industria Garbiaren Ituna betetzeko. Hori bat dator EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren 3. apartatuko c) letrarekin eta Industria Garbiaren Itunaren estatu-laguntzen esparruan ezarritako baldintzekin.

Hori oinarri hartuta, Batzordeak laguntza-araubidea onetsi du, EBko arauen arabera.