Europako Batzordeak estatu kideei proposatu die baimena eman dezatela Ukrainarekin negoziazioak hasteko, EBren Espazio Programaren satelite bidezko gobernu-komunikazioen arloan (Govsatcom) eta Batasunaren Konektagarritasun Seguruaren Programan parte hartzeari dagokionez. Govsatcom satelite bidezko komunikaziorako gaitasun seguruak eta erresilienteak emateko diseinatuta dago, eta, horretarako, estatu kideen eta operadore pribatuen satelite bidezko baliabideak bateratzen eta trukatzen ditu. Govsatcomen arloan lankidetza indartzea beharrezkoa da Ukrainak EBko Programa Espazialean parte har dezan bultzatzeko. 2025eko apirilean eman zen lehenengo urratsa, EBk eta Ukrainak Ukrainak Copernicusen parte hartzeari buruzko akordioa sinatu zutenean, baita EBko Programa Espazialeko meteorologia espazialaren eta Lurretik hurbil dauden objektuen azpiarloetan parte hartzeari buruzkoa ere.
Ekimen hori EBk espazioko gaitasun aurreratuetan —IRIS2, adibidez— egiten duen inbertsio handienari gehitzen zaio. Inbertsio hori 2030era arte zabalduko da, komunikazio seguruak eta erresilienteak emateko Europa osoan eta Europatik kanpo. Halaber, bat dator EBk Ukrainari beste tresna batzuen bidez (SAFE, adibidez) ematen dion etengabeko babesarekin.
Etorkizuneko hitzarmen horrek EBko konektibitate azpiegituraren erresilientzia indartuko du, komunikazio seguruetarako ahalmen gehigarria emanen baitu garrantzi estrategikoa duen eskualde batean. Halaber, EBko helburu zabalagoak babesten ditu, Global Gateway estrategiaren eta «Europako defentsaren arloko prestakuntza 2030» Liburu Zuri Bateratuaren esparruan. Negoziazioak beste urrats bat dira EBren eta Ukrainaren arteko lankidetza areagotzeko, Europaren segurtasunerako eta egonkortasunerako funtsezkoak diren arloetan.
Ukrainaren parte hartzea nazioarteko akordio bat sinatu ondotik baieztatuko da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 218. artikuluaren arabera.