Europako Batzordeak, Schengen eremuaren 40. urteurrena dela eta, aukera paregabea eskainiko die 40.000 gazteri Europa DiscoverEU bidez esploratzeko, Erasmus+ programaren ekintza bat.
Bidaia-txartel bat eskatzeko, 2007ko urtarrilaren 1etik 2007ko abenduaren 31ra bitartean sortutako gazteek EBri buruzko galdetegi labur bat bete behar dute Gazteen Europako Atarian. Hautatutako eskatzaileek 2026ko martxoaren 1etik 2027ko maiatzaren 31ra bitarte 30 egunez doan bidaiatzeko aukera izanen dute, eta deskontu-txartel bat jasoko dute garraio publiko, kultura, ostatu, janari, kirol eta beste zerbitzu batzuetarako, Europako 36 herrialdetan.
Txartela jaso dutenek beren ibilbideak planifika ditzakete, edo lehendik daudenetan inspiratu, hala nola Europako Bauhaus Ibilbide Berrian, zeinak hiri eder, jasangarri eta inklusiboetan geldialdiak barne hartzen baititu, Europako Bauhaus Berria ekimenaren ildotik.
Beste aukera bat DiscoverEU Ibilbide Berdea da, zeinak bidaiari gazteak ingurumena gehien zaintzen duten eta jasangarrienak diren kontinenteko destinoetara eramanen baititu, hala nola Europako Hiriburu Berdeak eta Green Lead sariak irabazi dituzten hirietara, edo Hiri Adimendun eta Klimatikoki Neutralen Misioko hiri liderretara. DiscoverEUren aholku ekologiko onenek ibilbide berdeak planifikatzen lagunduko diete parte-hartzaileei.
DiscoverEU deialdia gaur irekiko da, 12:00etan (CET), eta 2025eko azaroaren 13an bukatuko da, 12:00etan (CET). Europar Batasuneko eta Erasmus+ programari atxikitako hirugarren herrialdeetako herritarrek parte har dezakete. Desgaitasuna edo osasun-arazoak dituzten pertsonek laguntza jasoko dute bidaietan, Erasmus+ programaren eta DiscoverEU Inklusio Ekintzaren balioekin bat etorriz. Horren barruan sartzen da lagunduta bidaiatzeko aukera.