Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok Bi Nafarroen XX. Mintegiaren amaiera ekitaldian parte hartu du gaur goizean. Mintegi hori 2005az geroztik egiten da, Pirinioen bi aldeetan, txandaka, eta aurten Baigorrin izan da.
Mintegiaren amaiera ekitaldian, Ollo lehendakariordeak adierazi duenez, “gure lan instituzionalean, askotan, lurraldeak ez duela mugarik ulertzen egiaztatzen dugu”. lldo horretan, Ollok gure hizkuntza komuna, euskara, zaintzera gonbidatu du, baita kultura eta historia ere, mugaz bi aldeetako nafarrek partekatutako altxorrak baitira. Antton Curutcharry, Baigorriko alkatea, izan da bertaratuei ongi etorria eman eta ekitaldiari amaiera emateko arduraduna.
Ekimen hau Nafarroako Gobernuak sustatu du, Nafarroa Behereko udalerri nagusiekin eta kultur erakundeekin batera, hala nola ‘Terres de Navarre’-rekin, eta mugaz gaindiko loturak estutzeko eta ezagutza historikoak, kulturalak eta bi lurraldeetako hainbat esperientzia partekatzeko aukera ematen du. Joan den edizioa 2024ko urrian izan zen, Altzuzako Oteiza Museoan.
Era berean, Ollo lehendakariordeak hitzaldian adierazi duenez, “Nafarroako Gobernuak lotura historiko eta kultural indartsuak dituzten bi erkidego horien arteko harremanak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du; izan ere, bi lurraldeok, zailtasunak zailtasun, estimu eta errespetu harremana izan dute elkarren artean, eta denbora luzean estatu beraren parte izan ziren, Nafarroako Erresumaren parte”. Hizkuntza komunaren balioa ere azpimarratu du Ollok, “euskara, batasun lokarri gisa”.
Bestalde, Ollok mugaz gaindiko eta Europako eskualdeen arteko lankidetzaren alde ere egin du, “estrategikoki gure Komunitatearentzat, eragile sozioekonomikoentzat eta herritarrentzat positiboa dela uste dugulako. Horregatik gaude Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean eta Pirinioetako Lan Komunitatean, baita Pirinio Atlantikoetako Departamentuarekin Lankidetzarako Esparru Hitzarmenean ere”. Azkenik, Ollok mugaz bestaldeko lankidetzaren garrantzia gogorarazi nahi izan du, Kanpo Harremanetarako II. Planaren ardatzetako bat baita.