Europako Batzordeak 2026ko lan programa aurkeztu du, eta Europa burujabeago eta independenteago bat eraikitzen laguntzeko hainbat neurri jasotzen ditu. «Europaren independentziaren unea» izeneko lan programak gure segurtasunerako eta demokraziarako mehatxuek, gatazka eta tentsio geopolitikoek, gure ekonomiarako eta industriarako arriskuek eta klima aldaketaren azelerazioak gaur egun eta etorkizunean dakartzaten erronkei heltzen die. Orientazio politikoetan adierazitako konpromisoetan, Von der Leyen presidenteak EBko Komisarioen Elkargoari bidalitako mandatu gutunetan eta 2025eko Batasunaren egoerari buruzko diskurtsoan azaldutako ideietan oinarritzen da.
Lan programak Batzordearen egungo oinarrizko lehentasunen inguruko ahaleginak areagotzen ditu, lehiakortasuna hobetzeko, berrikuntza garbi eta digitalaren buru izateko, gure gizarte eredu bakarra indartzeko eta segurtasun kolektiboa bermatzeko.
Ursula von der Leyen Batzordeko presidentearen esanetan: «2026ko lan programa beste urrats garrantzitsu bat da Europa indartsuago eta burujabeago bat lortzeko bidean. Europako Parlamentuarekin eta Kontseiluarekin lankidetza estuan jarraituko dugu Europako lehentasunak zerbitzatzeko, lehiakortasuna bultzatzeko, gure merkatu bakarraren boterea aprobetxatzeko, gure arauak sinplifikatzeko eta eskuragarritasun krisiari aurre egiteko. Elkartuta, gure herritarrak babestuko ditugu eta gure balioak defendatuko ditugu».
2026an, Batzordeak pertsonentzako, enpresentzako eta administrazioentzako burokrazia murrizten jarraituko du. Gaur onartutako sinplifikazioari, aplikazioari eta betetzeari buruzko lehenengo txosten orokorrak agerian uzten ditu orain arte egindako aurrerapenak; besteak beste, sei omnibus paketeak eta sinplifikatzeko beste proposamen batzuk, enpresek eta herritarrek urtean 8600 milioi euro baino gehiago aurrez ditzaten kostuetan.
Datorren urteko ekimen asko ere EBko legedia sinplifikatzera eta kostuak murriztera bideratuko dira. Zenbait sinplifikazio proposamen egitea espero da funtsezko sektore batzuetan, hala nola automobilgintzan, ingurumenean, fiskalitatean, elikagaien eta pentsuen segurtasunean, osasun produktuetan eta produktu energetikoetan. Aldi berean, aplikazioari buruzko elkarrizketek eta egoera errealen egiaztapenek lagunduko diote Batzordeari sinplifikatzeko aukera berriak zehazten, besteak beste, herritarren zama murrizteko.
Txosten orokorrean, estatu kideei EBko politikak aplikatzen laguntzeko Batzordeak hartutako neurriak azaltzen dira, baita horiek betetzen direla bermatzeko oinarrizko estatistikak eta neurriak ere. Batzordea arau hausteen arloko 1500 prozedura baino gehiago bideratzen ari da, EBko arauen erabateko aplikazioa lortzeko eta pertsonek eta enpresek horien abantailak aprobetxatu ahal izateko.