Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak (NOU) eguneratu egin ditu erradioterapia moldagarrirako bi azeleragailu linealak, eta horrek aurrerapen nabarmena ekarriko du tumoreak teknika horren bidez tratatzeko zehaztasunean eta segurtasunean. Eguneratze horren bidez Hypersight izeneko irudi sistema berri bat instalatuko da ekipamenduetan, eta, gainera, aurrerantzean, tumore mota eta kokapen anatomiko gehiago tratatuko dira erradioterapia moldagarriaren bidez. Halaber, ateak irekitzen zaizkio zentroak proiektu kliniko nazional eta nazioarteko berrietan parte hartzeko aukerari.
Erradioterapia moldagarria erradioterapia emateko azken belaunaldiko teknika bat da, zeinak saio bakoitza pazientearen eguneroko egoera espezifikora egokitzeko aukera ematen baitu. NOU aitzindaria da teknika horren erabileran; izan ere, hark sartu zuen Espainian, 2022aren hondarrean eta 2023aren hasieran bi Ethos azeleragailu erosi zituenean (mota horretako tratamenduetarako espezifikoak dira, eta adimen artifiziala darabilte). Europako NextGeneration funtsekin finantzatutako ekipamendu horiek erosita, erradioterapia moldagarriaren abangoardian jarri da NOU gure herrialdean. Ordutik, 2.000 tratamendu baino gehiago eginak ditu ospitaleak, eta horrek arlo horretako erreferentzia nazional gisa sendotzen du NOUko Erradioterapiako Unitate Funtzional Integratua.
Ethos azeleragailuen teknologiak jada ematen zuen aukera erradiazio dosia optimizatzeko eta erradiazioaren albo ondorioak murrizteko, baina, Hypersight sistema instalatzeari esker, irudiaren kalitatea askoz ere hobea da. Hala, hobeki behatzen ahal da pazientearen anatomia, eta zehatzago kalkulatzen ahal da saio bakoitzeko erradioterapia dosia; ondorioz, lan fluxu optimizatuagoa lortzen da. Praktikan, horren emaitza da dosi zehatzagoa ematen ahal dela, eta pazienteak erosoagoak eta seguruagoak daudela.