Nafarroako erakunderen batek parte hartzen duen proiektuen ia % 70 hautatu dituzte Interreg POCTEFA 2021-2027 Europako bigarren deialdi honetan. Zazpi milioi euro inguruko finantzaketa ekarriko du horrek, Ollo lehendakariordeak azaldu duenez

Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) Interreg POCTEFA 2021-2027 programaren bigarren deialdira Nafarroako zenbait eragilek aurkeztutako mugaz haraindiko proiektuen % 70 inguruk Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa lortu dute Europan. Zehazki, 6,98 milioiko finantzaketa izanen da, mugaz haraindiko 26 lankidetza proiektutan banatuak. Horiek dira Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak gaur prentsaurrekoan —PLEk erakunde onuradunei jakinarazitako behin-behineko ebazpena ezagutu ondotik— aurreratu dituen lehenengo datuak, joan den asteartean Tolosa Okzitanian CTPren Programazio Batzordeak onetsitako behin-behineko ebazpena jakin eta gero.

Interreg POCTEFA 2021-2027 programaren bigarren deialdiko 26 proiektu horiez gain orain dela bi urteko lehenengo deialdian beste 35 proiektu izan zirenez —Europaren 11 milioi euroko finantzaketa izan zuten—, Nafarroak 61 proiektu ditu guztira programa horretan, sareko lanari esker gauzatuak edo gauzatuko direnak. Horrela, 17,98 milioi eurora iritsiko da Nafarroak jasotzen duen Europako finantzaketa.

Askotariko gaiak dituzte onartutako proiektu berriek: eraldaketa digitala bultzatzea, klima-aldaketara egokitzea, enpleguari eta prestakuntzari laguntzea, kohesio soziala eta osasuna, mugaz haraindiko espazio honetan turismoa, kultura edo ondarea sustatzea, memoria historikoa, ekonomia zirkularra, eta abar.

Informazio gehiago