Nafarroako 200 alkate baino gehiago biltzen dituen itunak Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planak (KEJEP) bultzatzen ditu —Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak Nasuvinsa-Lursarearen bidez gidatzen duen LIFE NAdapta (www.lifenadapta.es) proiektuaren esparruan—. Azken bost urte hauetan, klima-aldaketara egokitzeko 994 jarduketa egikaritu dituzte plan horiek; horretarako, 52 milioi eurotik gorako inbertsioa egin da, jatorri hauetatik etorritakoa: udal baliabideak, Foru Komunitatea eta Europa.

Foru Komunitateko udalerrien % 82 konprometituta dago, era batean edo bestean, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko tokiko ekintzekin. Hori da erdietsitako ondorio nagusia gaur (asteazkena) Zizur Nagusian egin den Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunaren III. jardunaldian. Bertan, mundu mailako ekimen horrekin borondatez bat egin duten Nafarroa osoko 226 herrietako ordezkariak bildu dira. Iaz Tafallan egin zen ediziokoak baino 16 udal gehiago dira horiek, eta duela sei urte bide hori hasi zuten 18 herriak baino hamabi aldiz gehiago. Ekimenaren helburua da tokiko esparrutik ekitea, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta haietara egokitzeko planen bidez.

Gaurko jardunaldian, Zizur Nagusiko kultur etxean eztabaidako lau mahai-inguru egin dira, tokiko ekintza klimatikoaren esparruan Nafarroako zenbait udalek abiatu dituzten arrakasta kasuei eta ekimen zehatzei buruz. Gai hauekin lotutakoak dira haien proiektuak: hiri mugikortasun jasangarria, energia komunitateak, uraren kudeaketa, ekonomia zirkularra eta hondakinen kudeaketa, eta ikastetxeetako dibulgazioa. Bertan parte hartu dute zenbait alkatek (Antsoain, Azkoien, Zangoza, Etxarri eta Mendigorria), beste udal ordezkari batzuek eta Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari David Campiónek, bai eta zenbait gizarte kolektibok eta erakunde pribatuk ere, besteak beste.

Informazio gehiago