Nafarroa osoan zehar programatutako hogei jarduera baino gehiagorekin, I. Zibersegurtasunaren Astea eginen da urriaren 20 eta 24 artean foru komunitateko zenbait herritan. Europako Zibersegurtasunaren Hilabetearekin bat eginez, ekimena Nafarroako herritarren artean zibersegurtasunaren kultura sustatzeko mugarri bilakatzeko bokazioarekin jaio da, eta Navarra Cybersecurity Center (NavCC) zentroak antolatu du. NavCC zentroa Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak sortutako proiektua da, eta Europar Batasuneko Next Generation funtsekin finantzatu da.

Astea abiatzeko, zibersegurtasunaren gaineko foro bat eginen da administrazio publikoko, enpresa munduko, hezkuntzako eta gizarteko zibersegurtasun adituekin, auzia ikuspegi desberdinetatik jorratuko dutenak. Juan Luis García Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak irekiko du Zibersegurtasunaren Astea, baliagarria izanen dena eragile publikoen eta pribatuen elkarlanerako espazio bat sustatzearen garrantzia nabarmentzeko.

Astean zehar eginen diren jardueren artean daude Jorge Luengo magoaren “La ciberseguridad no es cosa de magia… ¿o sí?” ikuskizuna, Iruñean, Tuteran, Tafallan eta Lizarran eginen dena. Ikuskizunak segurtasun digitala bezalako gai konplexua konferentzia harrigarri eta inspiratzaile bilakatzen du, horretarako joko interaktiboak, magia trukoak eta adibide praktikoak erabiliz.

Informazio gehiago