EBko mugen sistema digital berria, Sarrera/Irteerako Sistema, 2025eko urriaren 12an paratu zen indarrean. EBko kideak izan gabe EBn sartzen eta bertatik ateratzen diren bidaiariei aplikatuko zaie, eta guztientzako bidaiak eta segurtasuna erraztuko ditu. Hemendik aitzina, EBko herrialdeak hasiko dira elektronikoki erregistratzen EBn egonaldi laburretarako sartzen direnen datuak (90 egun 180 eguneko aldian).

Praktikan, sistema berria jada erabiltzen den tokietan, sisteman erregistratu eginen dira EBko kide ez diren herritarren pasaportearen datuak, datu biometrikoak (aurpegiko irudia eta hatz markak) eta sarrera nahiz irteerako datuak. Erregistroa lehen sarreran eta lehen irteeran eginen da; gero, sarrera eta irteera bakoitzerako, azkar egiaztatu beharra baino ez da egonen. Sistema berriak pasaporteak eskuz zigilatzeko oraingo praktika ordeztuko du, eta bete egiten ditu datuak nahiz pribatutasuna babesteko estandar altuenak.

Arau berriek ukitutako bidaiariek Travel Europe-ren webgune ofizialean aurkituko dute prozedura berriei buruzko informazio xehatua Schengen esparruan sartu aitzinetik.

Sistema berria sei hilabetean zehar ezarriko da progresiboki. Denbora horretan, EBko herrialdeek aukera izanen dute erabakitzeko noiz eta non hasten diren muga pasabideetan ezartzen.

Mailaka sartzea lagungarria izanen da muga agintariak, garraioaren sektorea eta bidaiariak prozedura berrietara agudo egokitu daitezen.  2026ko apirilaren 10etik aitzina, sistema guztiz erabilgarri egonen da kanpoko muga pasabide guztietan; hau da, erregistro elektronikoak ofizialki ordeztuko du pasaportea zigilatzea.

EBko muga erkideak indartzea funtsezko lehentasuna da Batzorderako. Sarrera/Irteerako sistema berria indarrean paratua, muga kontrola seguruagoa izateaz gain, eraginkor eta erosoagoa ere izanen da EBn sartzen eta bertatik ateratzen diren pertsona guztientzat.