Nafarroako herritarren eta Foru Komunitateko gizarte sarearen hamar bat ordezkarik larrialdi klimatikoarekin lotutako zenbait alderdiri buruzko kezkak helarazi dizkiote gaur (asteartea) Nafarroako Parlamentuari, eta “Nafarroa bizigarriago baten alde” manifestua irakurri dute. Hartan, erakunde publikoei, enpresei eta gizarte eragileei “planetarekin dugun harremana berrasmatzeko erabakitasuna eta ausardia” eskatu diete, eta erronkan “herritar kontziente, informatu, konprometitu eta parte hartzaileen” inplikazioa ere eskaini dute. Diotenez, “Ganbera honetan erakutsi dugu herritarron izaera hori”.
Klimaren Astearen esparruan, eta Nafarroan klima-aldaketara egokitzeko neurrien eta ekintzen Europako LIFE NAdapta proiektua akitu dela eta, Edurne Arkotxak, Patxi Irigaraik, Txus Macíasek, Nati Gómezek, Iñaki Lavillak, Javier Ugartek, June Laspeñasek, Ana Ramallalek, Manuel Ciresek eta Paula Valeriok helarazi dizkiote gogoeta horiek, herritarren ahotsen izenean, Nafarroako Parlamentuari, non Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek egin baitie harrera. Eztabaida ere Unai Ugaldek moderatu du.
Aste honetako programaren jarduera ugarien artean, urriaren 24an (ostirala) NAdapta proiektuaren emaitzak aurkezteko azken ekitaldia eginen da Baluarten. Bertan, klima-aldaketara egokitzeko 37 programa teknikoren eta 53 ekintzaren berri emanen da. Ekintza horiek 15,6 milioi euroko aurrekontua dute —EBren LIFE programak % 60an finantzatuta—, eta azken zortzi urteetan garatu dira Foru Komunitatean.