Europako Batzordeak gaur iragarri duenez, adimen artifizialaren Europako egungo azpiegitura nabarmen handituko du, egungo sarera adimen artifizialaren beste sei faktoria gehituz. Hori horrela, adimen artifizialaren hemeretzi faktoria egonen dira guztira hamasei estatu kidetan banatuak.
Adimen artifizialaren faktoria berriak Txekiako Errepublikan, Lituanian, Herbehereetan, Errumanian, Espainian eta Polonian ezarriko dira. Adimen artifiziala erabiltzeko optimizatutako superordenagailuetara sarrera zuzena, ezagutza teknikoak eta laguntza pertsonalizatua eskainiko dizkiete faktoriek enpresa emergenteei, enpresa txiki eta ertainei, eta industriari, zertarako eta adimen artifizialeko irtenbide aitzinatuak garatzeko eta hedatzeko.
Europar Batasunak eta estatu kideek elkarrekin egindako 500 milioi euro baino gehiagoko inbertsioen eskutik, adimen artifizialeko faktorien hirugarren olatuak Europaren errendimendu altuko gaitasun informatikoa zabalduko du, eta gako diren sektoreetan adimen artifizialaren ezarpena bizkortuko du.
Guztira, EuroHPC ekimenean parte hartzen ari diren herrialdeek eta Europar Batasunak 2.600 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak eginen dituzte adimen artifizialeko faktoriak eta antenak paratzeko, helburu hartua Europa adimen artifizialaren arloan kontinente lider bilakatzea.
Europako Batzordeak aurki ezagutaraziko du adimen artifizialeko faktorientzat antenak non paratuko diren; faktoriekin lankidetza estuan, antenez bitartez adimen artifizialeko urruneko sarbide segurua eskainiko zaie komunitate nazionalei, adimen artifizialarekin optimizatutako superkonputazio gaitasuna izan dezaten.
Egitasmoaren zabalkundeak «Adimen artifizialaren kontinentea» ekintza-planarekin bat egiten du, eta osatzen du Europar Batasunak etorkizuneko adimen artifizialeko gigafaktorietan egindako inbertsioa (adimen artifizialek eredu aitzinatuak eta mugako sistemak garatzeko eta osatzeko eskala handiko instalazioak). Ez hori bakarrik, bat egiten du adimen artifiziala erabiltzeko estrategiarekin ere, helburu duena adimen artifiziala Europako ekonomia eta sektore publiko guztian ezartzeko prozesua bizkortzea.
Informazio gehiago duzu linean, EuroHPC ekimenaren prentsa oharrean.