Europako Ondarearen Sarien/2025eko Europa Nostra Sarien irabazleak Bruselan egindako ekitaldian jakinarazi zituzten. Ekitaldia elkarrekin aurkeztu zuten Belaunaldien arteko Ekitateko, Gazteriako, Kulturako eta Kiroleko komisario Glenn Micallefek eta Europa Nostrako presidente exekutiboak.

Aurtengo 30 sarituetatik (Europako 24 herrialdetatik heldu dira) hautatu dituzte 2025eko Sari Nagusiaren bost irabazleak eta Publikoaren Sariaren irabazlea.

Hona hemen Sari Nagusiaren bost irabazleak:

  1. Inge Bisgaard (Groenlandia eta Danimarka), «Ondarearen Txapeldunak» kategorian;
  2. Pro Monumenta – Monumentuen prebentzio mantentze-lanak (Eslovakia), «Hezkuntza, prestakuntza eta gaitasunak» kategorian;
  3. Anberesko Udala (Belgika), «Kontserbazioa eta moldatze-berrerabiltzea» kategorian;
  4. Glaziarren Arkeologia Programa – Izotzaren Sekretuak, Norvegia, «Ikerketa» kategorian;
  5. Sagarroiaren etxea – Mundu hobea asmatzen (Serbia), «Herritarren konpromisoa eta sentsibilizazioa» kategorian.

Gainera, Europa osoko 10.000 herritarrek edo parte hartu zuten online inkesta batean, eta Madrilgo Alcaláko atea zaharberritzeko proiektua hautatu zuten 2025eko Publikoaren Sariaren irabazle.

Sari Nagusiaren bost saridunek eta Publikoaren Sariaren irabazleak 10.000 euroko sari bana jasoko dute.

Micallef komisarioak edizio honetako saridun guztiak zoriondu zituen: «Beste behin ere, Europako Ondarearen Sarien / Europa Nostra Sarien irabazleek Europako kultur ondarearen aniztasun eta aberastasun handia erakutsi dute. Bero-bero zoriontzen ditut 2025eko edizioko irabazle guztiak, gure ondare erkidea zaindu eta sustatzeko lanean lorpen apartak izan baitituzte. Haien gaitasun bikainak, ekintza berritzaileak eta konpromiso izugarri handia eredugarri dira etorkizuneko kultur ondareko praktiketarako. Arras dedikazio handia izanik, hala profesionalek nola boluntarioek erakutsi dute komunitateek nola parte harrarazi, bai tokiko mailan bai mugaz gaindikoan, eta nola batu jatorri nahiz belaunaldi anitzetako pertsonak elkarrekin lan egin dezaten, Europan eta haratago, inklusio, gizarte-kohesio nahiz jasangarritasun handiagoa erdiesteko eta etorkizun hobearen alde».

Sari Nagusiaren eta Publikoaren Sariaren irabazleei buruzko informazio gehiago duzu eskuragarri Batzordearen Kultura eta Sormenaren webgunean.