Egunero erabiltzen ditugun gailu elektronikoak energetikoki efizienteagoak, ingurumenarentzat hobeak eta erabiltzeko errazagoak izanen dira gaur Europako Batzordeak kanpoko elikatze-iturrientzat aplikagarriak diren diseinu ekologikoko baldintzak eguneratu eta gero. Ekimena gailu elektronikoentzat kargagailu komun bat lortzeko Europar Batasuna egiten ari den ahaleginen parte da.

Onartutako xedapen berrien ondorioz, hemendik aitzina energia-efizientziako arauak zorrotzagoak izanen dira, eta elkarreragingarritasuna handiagoa izanen da ordenagailu mugikorrak, telefono adimendunak, haririk gabeko routerrak eta ordenagailuen pantailak bezalako gailuen kasuan (adibidez, C motako USB atakak derrigorrezkoak izanen dira USB kargagailu guztietan). Aldaketei esker, espero da 2035era bitartean kanpoko elikatze-iturrien energia-kontsumoa urtean % 3 murriztea gailuon bizi-zikloan zehar, berotegi efektuko gasen isurpenak % 9 murriztea, eta isurpen kutsatzaileak, % 13. Kontsumitzaileentzat, berriz, aldaketek urtean 100 milioi euroko aurreztea ekarriko dutela kalkulatzen da.

Gainera, «Europar Batasuneko kargagailu komuna» logotipo berriari esker, kontsumitzaileek errazago identifikatuko dituzte gailu bateragarriak eta erabakiak ezagutzarekin hartzen ahalko dituzte. Ekimenak jarraipena ematen die orain arte egindako ahaleginei (bai gailu elektronikoak kargatzeko atakak, bai gailuon teknologiak normalizatzeko), eta irrati-elektronikako ekipoak berraztertzeko zuzentarauaren parte da. Arau berriak 2028 hondarrean paratuko dira indarrean; beraz, fabrikatzaileek hiru urte izanen dituzte prestatu eta aldaketetara egokitzeko.

Dan Jørgensen Energia eta Etxebizitzako komisarioak baieztatu duenez, «arrunt neurri interesgarria da kargagailu komunak izatea gure telefono adimendun, ordenagailu eramangarri eta egunero erabiltzen ditugun bestelako gailuentzat. Izan ere, neurriak kontsumitzaileen interesak lehenesten ditu, eta energia galerak eta isurpenak murriztu. Gaur kanpoko elikatze-iturriekin lotuta indarrean paratutako aldaketari esker, europarrok dirua aurreztuko dugu, gure ingurumen-inpaktua murriztuko dugu eta erakutsiko dugu posible dela berrikuntzak aitzinamendua eta erantzukizuna uztar ditzan. Ekimen honekin, Europar Batasunak eraiki nahi duen etorkizunean teknologiak guztion onuraz gain, planetarena ere bilatuko du».

Sarean informazio gehiago duzu eskura.