Europako Defentsa Funtsak (EDF) beste mugarri bat lortu du, 410 proiektu proposamen erakarri baitu 2025eko deialdian (inoizko kopururik handiena), defentsako ikerketa eta garapeneko lankidetza ekintzetarako. Horrek erakusten du 2021ean abiarazi zenetik aurrekaririk ez duen interesa sorrarazi duela.
Hori % 38ko igoera da 2024arekin alderatuta, eta erakusten du Funtsak gero eta garrantzi eta erakargarritasun handiagoa duela. 2025eko deialdian eskuragarri zeuden 1.065 milioi euroek industria-eragile finkatuak erakarri dituzte, baina baita belaunaldi berriko defentsa teknologietan lagundu nahi duten berritzaile berriek ere.
EDF 2025eko deialdiak urrats esanguratsua dira Europarako azken belaunaldiko defentsa gaitasun zehatzak sortzeko bidean. Jasotako proposamenek erakusten dute konpromiso industrial sendoa eta heldutasun teknologikoa daudela EDFren lehentasun guztietan, bai eta ikuspegi argia ere berehala abantaila operatibo bihurtzen ahal diren plataforma, sistema eta teknologien alde.
Arreta berezia jasotzen ari diren arloen artean, aipagarria da radarren eta sentsore militarren belaunaldi berri baten garapena; aireko defentsa eta droneen aurkako gaitasunak hobetzeko balio dute. Esparru digitalean, zenbait proiektu gizaki/AA elkarrizketarako sistema aurreratuak aztertzen ari dira, adimena biltzeari, plangintza operatiboa egiteari eta erabaki taktikoak hartzeari laguntzeko. Itsasoan, abangoardiako itsaspeko gerra teknologietara bideratzen dira ekimenak, eta, horrekin batera, itsas borrokarako domeinu anitzeko hodei bat sortzera, itsas plataformek datuak segurtasunez trukatzeko. Soldadu mailan, hurrengo belaunaldiko sistemak diseinatzen ari dira tropak gudu eremu digitalean txertatzeko, eta, era horretan, karga fisikoa eta kognitiboa murrizteko. EDF 2025ek, gainera, espazioan oinarritutako inteligentzia-, zaintza- eta errekonozimendu-satelite txikien konstelazio eskuragarria hedatzea aurreikusten du, zeinak sentsore sorta zabal bat izanen baitute, denbora errealean inteligentzia-, zaintza- eta errekonozimendu-gaitasunak eskaintzeko.
Berrikuntza disruptiboa sustatzeko eta merkatuan parte hartzaile berriak erakartzeko, EDF 2025en deialdiek finantzaketa espezifikoa dute Defentsako Berrikuntzarako Europako Planaren (EUDIS) esparruan. Plan horrek 336 milioi euro baino gehiago esleitzen ditu enpresa txiki eta ertainei eta sortzen ari diren enpresei laguntzeko, defentsa teknologia berritzaileak gara ditzaten, eta prototipoak sortu eta proba ditzaten.
Aurkeztutako proposamen guztiak zorrotz ebaluatuko dira: lehenik, Batzordearen onargarritasun- eta hautagarritasun-berrikuspenak aplikatuko dira, eta, ondotik, bikaintasun zientifikoaren, adjudikazio irizpideen eta analisi etikoen ebaluazioa eginen da, aditu independenteen laguntzarekin. Emaitzak 2026ko apirilean iragartzea espero da.
Europako Defentsa Funtsari eta abian den ebaluazio prozesuari buruzko informazio gehiago lortzeko, bisitatu horri eskainitako webgunea.