Ostegunean, urriaren 16a, Europa osoko ehunka alkate, zinegotzi eta eskualdeko buru bilduko dira Bruselan 2025eko EBko Alkateen Itunaren Ekitaldian.

Ekitaldiari hasiera eman diote Europako Batzordearen presidente Ursula von der Leyenek, Europako Parlamentuaren presidente Roberta Metsolak eta Europako Eskualdeen Batzordeko presidente Kata Tüttők, eta bertan Europako eta tokiko liderrak batzartuko dira eztabaidatzeko ea zer eginkizun duten tokiko gobernuek, batetik, herritarrei energia garbia eta eskuragarria emateko, eta bestetik, indartzeko, aldi berean, hiriek egokitzeko eta klimarekin lotutako gertaeren aitzinean prestatzeko duten gaitasuna.

Alkateak, tokiko komunitateak eta eskualdeetako buruak ezinbestekoak dira trantsizio garbia eta bidezkoa tokian bertan ezartzeko, eta era berean, erantzun eraginkorrak ematen dizkiete zenbait erronkari; kasurako, muturreko fenomeno meteorologikoak ugaritzearen eraginari. 2008an abiarazi zenetik, EBko Alkateen Itunak neurri guztietako 10.000 hiri eta herri baino gehiago mugiarazi ditu, engaia daitezen EBk etorkizun erresiliente eta klimatikoki neutro baterako dituen helburuetara.

Ekitaldian Alkateen Itunaren 2025eko sariak ere emanen dituzte. EBko hiru hirik berokuntzaren eta hozkuntzaren deskarbonizazioan lortutakoa aitortzen dute sariek: Domokos (Grezia), Lappeenranta (Finlandia) eta Mechelen (Belgika) . Kohesio eta Erreformen presidenteorde exekutibo Raffaele Fittok nabarmenduko du hiriek funtsezko eginkizuna dutela EBren erronkei aitzin egiteko, eta nabarmenduko du, orobat, Europak emandako finantzaketa eta babesa, hau da, hiriek hiriko erresilientzia bultzatzeko egindako ekintzei emandakoa.

Energia eta Etxebizitzako komisario Dan Jørgensen-ek nabarmenduko du tokiko ekintzak eragin handia izaten ahal duela Europa garbiagoa, indartsuagoa eta seguruagoa eraikitzeko, eta Klima, Net Zero eta Hazkunde Garbiaren komisario Wopke Hoektra mintzatuko da, besteak beste, klima-erresilientziaz eta arrisku kudeaketaz, Klimara Egokitzeko Misioaz, eta solasbide izanen du, orobat, gobernu maila guztiak nahasteak zer garrantzi duen, klima-arriskuetarako egoki prestatuko bagara.