Ekainaren 30eko 9/2025 Foru Lege berria, Nafarroan Etxebizitza Ordainerraza Izateko Eskubideari buruzkoa, aplikatzeari esker 145 auzo-erkidegok onura aterako diote Nafarroako Gobernuaren birgaitzerako laguntzen bikoiztasunari. Hala, Gobernuak 12.000 euro emanen ditu etxebizitzako —14.000 euro Esku-hartze Globaleko Proiektuak badira—, energia-efizientziarako lanak egiteko.
145 auzo-erkidegoak (3.071 etxebizitza hartzen dituzte barne guztira) birgaitzerako Europako funtsen finantzaketarik gabe gelditu ziren foru-komunitatean funtsak akitu ondotik; horrenbestez, “Nafarroako Gobernuak eta bazkide parlamentarioek beren laguntzak handitzea erabaki zuten —Legea onetsi aitzinetik 6.000 euro ematen ziren etxebizitzako— egoera ongitzeko”, gaur goizean hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko kontseilari Begoña Alfarok azaldu duenez.
“Jakin badakigu geroaldian Europako laguntza gehiago iritsiko direla energia-efizientziaren arloko birgaitzerako”, nabarmendu du Alfarok, eta gehitu du zuzentzen duen Departamentuak erabaki zuela “auzo-erkidegoei gehiago ez itxaronaraztea eta birgaitzerako laguntzak bikoiztea”. Era horretan, Nafarroako Gobernuak bere funtsen 35.102.770 euro inbertituko ditu guztira 145 erkidego haietan inguratzaileak paratzeko.