Ameskoako eskola zaharretan (Zudairi) egin da jarduera hori, Nafarroako Klima Astearen barruan, eta 70 ordezkarik hartu dute parte
Jardunaldi horrek Nafarroako Klima Astea ireki du, eta biomasaren balioa areagotzea du helburu, funtsezko elementua baita landa ingurunearen erresilientziarako, sute arriskuak murrizteko eta energia iturri berriztagarri bat bultzatzeko. Era berean, lurraldearen, prestakuntzaren eta industria sektorearen deskarbonizazioa indartzen ditu.
Jardunaldiaren lehenengo blokean, basoko biomasa eta suteen prebentzioa landu dira, eta baliabide natural hori landa ingurunearen erresilientziarako aukera gisa bultzatu da.
Basoen eta Ehizaren Kudeaketaren Zerbitzuko zuzendari Fermín Olabek adierazi duenez, “baso kudeaketa osokoa da, edo hala izan behar du behintzat, eta biomasa beste aprobetxamendu bat gehiago da, baina bereizteko joera izaten dugu. Basoak kudeatu ezean, ez dugu biomasarik. Orain dela urte batzuk, energiaren sektorea guretik oso urrun ikusten genuen; orain, berriz, ez du zentzurik biomasaz helburu energetikoekin hitz egiten badugu. Basogintzako enpresek aprobetxamendu bat egiten dutenean, beharbada ez dira biomasan pentsatzen ari, ez baitakite egurra nora joanen den, baina beste merkatu bat gehiago da”.
Olabek azpimarratu du beharrezkoa dela Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren arteko lankidetzari eustea. “Nire aldetik, eskaintza ordezkatzen dut, eta Industriak, neurri batean behintzat, eskaria; izan ere, funtsezkoa da eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka. Ezinbestekoa da paraleloan lan egitea”.
Lehenengo zati horretan, Laura Lorenzo Nasuvinsako Lursarearen zuzendariak BIO4RES Europako proiektuaren lehenengo emaitzak aurkeztu ditu. Proiektu horretan, Nafarroako, Kataluniako, Frantziako eta Portugalgo zenbait erakundek ekintza eta esperientzia pilotuak garatzen dituzte landa ekonomia dinamizatzeko eta baso ekosistemen erresilientzia eta biodibertsitatea indartzeko. Hori dela eta, alderdi hauek sustatzen dituzte: suteen prebentzioa, biomasaren kudeaketarako eta balorizaziorako berrikuntza eta sektorearen eskaeretara egokitutako basoen arloko prestakuntza.
Eskulanik eza da eskaera horietako bat. Behar horri aurre egiteko, topaketa bat egin da, ADEMANek antolatuta eta dinamizatuta, motozerraren erabilera aurreratuari buruz Nafarroan egiten ari den ikastaroko ikasleen eta zenbait basogintza enpresaren artean, ikasleak lanean hasteko aukera bultzatzeko. Halaber, ikastaro horren bidez etengabeko lankidetza sendotu nahi da baso sektoreko eragileen artean, hau da, eskualdeko administrazioaren, tokiko erakundeen, enpresa publikoen, basogintzako enpresen eta prestakuntza-zentroen artean, era horretan etorkizuneko edizioen oinarriak ezartzeko, eta basogintzaren eta landa bioekonomiaren arloko etengabeko prestakuntzako sarea finkatzeko.