Europako Batzordeak «Nekazaritzaren arloko belaunaldien arteko erreleborako estrategia» bat aurkeztu du, ibilbide orri argi bat ezartzen duena, nekazari gazteei laguntzeko eta nekazaritza erakargarriagoa bilakatzeko. Estrategiaren helburua da EBko nekazari gazteen proportzioa bikoiztea hemendik 2040ra, eta, nekazari berriak barne, % 24 inguruko ehunekora iristea.

Horretarako, Batzordeak gomendatuko du estatu kideek —batez ere oso portzentaje txikiak dituztenek— nekazaritza gastuaren % 6 inbertitzea, gutxienez, belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko neurrietan; baliabide gehiago bideratzeko aukera ere aintzat hartu beharko da. Estrategiaren barruan sartzen da, halaber, plan nazionalak garatzea, hemendik 2028ra bitartean nekazaritzan belaunaldien arteko erreleboa egiteko. Plan horietan, dauden oztopoei helduko zaie, eta laguntza neurri espezifikoak definituko dira, Batzordearen gomendioetan oinarrituta. Estatu kideek, aldizka, beren aurrerapenen berri emanen dutela espero da. Oro har, ahalegin horiek nekazaritza sektore jasangarria, erresilientea eta etorkizunerako erakargarria izanen dela bermatuko dute.

Nekazari gazteak funtsezkoak dira EBren elikagaien segurtasunerako eta landa eremuen dinamismorako. Nekazaritza sektorearen erresilientziari eta erakargarritasunari eusteko, gazteek baldintza egokiak izan behar dituzte landa eremuetan beren bizitzari eta ibilbide profesionalari ekiteko, eta, haietan irauteko eskubidea ez ezik, geratzeko nahia betetzeko ahalmena bermatu behar zaie. Hala ere, sektoreak presio handiei egin behar die aurre: eskulanaren zahartzea, landa biztanleriaren gainbehera eta ekonomiaren eta ingurumenaren erronkak. Zenbait faktorek atzera eginarazten diete nekazari berriei: lurra eskuratzeko zailtasuna, eskuraerrazak ez diren kredituak, diru sarrera txikiagoak eta gaitasun espezifikoen gabezia; bestalde, oinordetza zaila da oraindik ere, administrazio eta finantza oztopoen ondorioz. Gai horiei heltzea, premia estrategikoa ez ezik, EBren erantzukizun sozial komuna ere bada.

Informazio gehiago