Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuak eta Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak gaitasun digitaletan doako prestakuntza emateko ‘Kliko’ kanpaina abiarazi dute, herritarrei aukera paregabea eskainiz, hezkuntzara sartzeko eta egungo gizartean funtsezkoak diren trebetasun digitalak garatzeko.
‘Teknologia zure erritmoan’ lelopean, ‘Kliko’ ekimenaren helburu nagusia da eremu digitaleko prestakuntzako eskaintza osoa bateratu eta zentralizatzea, heziketa teknologikoa pertsona guztiengana hurbiltzeko, haien kokapen geografikoa, adina edo maila sozioekonomikoa edozein dela ere. Nafarroako Gobernuak eraldaketa digitalarekin, politika publikoen ardatz nagusi gisa, duen konpromisoan oinarritzen da ekimena.
Prestakuntza digitaleko ikastaroak Next Generation (SEM) Europako Funtsen bidez finantzatzen dira, eta horietarako 2 milioi eurotik gorako partida dago benetako eremuetan kokatutako udalerrientzat. Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak koordinatu ditu, eta Nafarroako Ikaskuntza Integraleko Zentroa (CNAI) sozietate publikoak gauzatu ditu. Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak 2,4 milioi euro bideratu ditu prestakuntza ikastaro horiek kudeatzera eta ematera, horietatik 1,9 Europako funtsetatik datozela; Telekomunikazio eta Digitalizazio Zuzendaritza Nagusiak koordinatu eta NASERTIC enpresa publikoak emanen ditu ikastaroak.