Ollo presidenteordeak nabarmendu ditu, ADItech-ekin batera antolatutako jardunaldi batean, Gobernuaren konpromisoa eta Nafarroako enpresa eta teknologia munduak Europako partzuergo eta partaidetzetan buru izateko eta parte hartzeko duen ahalmena.
NEXUS “Where Navarra meets Europe” jardunaldian, gaur goizean, Iruñeko Baluarte Nafarroako Kongresuen Jauregi eta Auditoriumean elkartu dira Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileak, Foru Komunitateko entitate eta enpresak, Europako lankidetza eta sareetako ordezkariak eta hainbat herrialdetako ordezkariak; Europako espazioaren ikuspegi komuna dute, elkarlanean aritzeko eta berrikuntza eta garapen jasangarriko proiektuetarako finantzaketa lortzeko aukera gisa. Ana Ollo lehendakariorde eta Memoriaren eta Bizikidetzaren, Kanpo Ekintzaren eta Euskararen kontseilariak, jardunaldiaren laugarren edizioa hasteko ekitaldian azpimarratu ditu, bai Nafarroak arlo horretan izan duen ibilbidea, bai Gobernuak Kanpo Ekintzako II. Planean hartu duen konpromisoa, eta bai Nafarroak I+G+Bko Europako proiektuetan parte hartzeko eta are lideratzeko duen ahalmena ere. Sergio Pérez Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak itxi du ekitaldia.
NEXUS “Where Navarra meets Europe” jardunaldiaren laugarren edizio hau Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak finantzatu eta I+G+Bko Nafarroako Sistemaren koordinatzaileak ADItech antolatua da; bereziki enpresen eta SINAI sistemako eragileen arteko harremana sustatzeko pentsatua dago, europar proiektu bihurtzen diren partzuergoak sortzeko. Ideiak eta proiektuak ezagutarazteko aurkezpen labur eta bizkorren bidez, Europako elkarlan eta lankidetzako sareen esperientzia positiboak partekatu nahi ziren.
Nafarroako Kanpo Ekintzaren II Planaren aipamena
Ollo lehendakariordeak hiru alderditan zentratu du bere hitzaldia. NEXUS jardunaldiaren laugarren edizioa lortu izana goraipatu ondoren, lehendakariordeak azpimarratu du “Nafarroako I+G+B sektorearen eta Europaren arteko eginkizun dinamizatzailea eta lotzailea, Nafarroako Gobernuak, oro har, eta Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak, bereziki, aspalditik bultzatzen duguna eta berriki onartu dugun Kanpo Ekintzako II. Planaren oinarrizko osagaia dena”.
Ollok positiboki baloratu nahi izan du SINAI osatzen duten eragileek sarean eta lankidetzan egiten duten lana. “Europako esparruko ikasbideetako bat da funtsezkoa dela energiak batzea eta elkarlana egiten ikastea, bakarka inoiz iritsiko ez ginatekeen lekura iristeko. Azken urteotan, Nafarroa hainbat sektoretako 80ren bat sare estrategiko europarretan egon da, eta Gobernuak edo haren sozietate publikoek zuzenean parte hartzen dute horietan, baita ikerketa zentroek, unibertsitateek, zentro teknologikoek eta SINAIko beste eragile batzuek ere”.
Hala, Ollo lehendakariordeak gogorarazi du ERRIN sareko Osasun taldearen lidergoa partekatu duela Nafarroak; aktiboki parte hartzen du Eskualde Periferiko eta Martitimoen Konferentzian (EPMK), baita VANGUARD eskualde industrialen sarean ere, eta sare tematikoetan ere bai, Nafarroarentzat interesgarriak diren sektoreetan, hala nola Climate Group (Ingurumena), Regions4 eta ACR+ (Ekonomia Zirkularra) edo Social Economy Europe (Ekonomia Soziala). Aipatu du, orobat, bi espazio horietan (ekonomia soziala eta ekonomia zirkularra), “erreferenteak garela Europako eremuko ekimenen lidergoan: adibidez, ECIV (European Circular Innovation Valley) proiektu europarra, baita Automobilgintzako Eskualdeen Aliantzak duela gutxi egindako koordinazioa ere, 36 eremu desberdin biltzen dituena”.
Nafarroako Gobernuak NEXUS jardunaldiarekin duen konpromisoaren helburua da lankidetza sustatzea Nafarroako ekosistemaren barruan eta Nafarroaren presentzia bateratua Europan indartzea, entitate berriak Europako proiektuetan sar daitezen erraztuz, dagoeneko esperientzia dutenen laguntzarekin. Konpromiso horri atxikitzeko arrazoia, Ollok azaldu duenez, zera da, “Foru Komunitatean berrikuntzaren arloan oinarri sendoak ditugula sinetsita gaudela, eta horrek hazteko giro oso interesgarria sortzen du. Agerian geratzen da, halaber, Europan beste batzuek egiten dutenetik ikasteko gogoa eta mugak zabalik ditugula”.
Era berean, Ollo lehendakariordeak akitu du azpimarratuz sareko lankidetza eta ikaskuntza hori dela “Foru Gobernuaren Kanpo Ekintzaren estrategiaren oinarria, eta horretarako gaude gaur hemen, esperientziak partekatzeko eta energiak batzeko. Izan ere, sektore publikoaren lidergo argi batetik, lankidetza publiko-pribatua da, orobat, XXI. mendeko Nafarroa honen bereizgarria”.
Jardunaldia ireki da mahai-inguru batekin, non parte hartu duten Europako Batasuneko I+G+b lankidetza nagusietan aktiboki aritzen diren EFFRA, ADRA, BIC, ECTP eta A. SPIRE Europako sareek. Ordezkariek beren lehentasunak eta lan ildoak aurkeztu dituzte, baita 2026-2027ko finantza aukeretan barne hartutako gaien aurrerapen bat ere, Nafarroako entitateei erakunde horiekin eta lankidetza arlo posibleekin harreman zuzena ahalbidetuz.
Jardunaldiaren tarte bat eskaini zaio FP10 Esparru Programaren gakoen aurkezpenari; Europako ERRINsareko ordezkari baten eskutik egin da. Ondoren, ZEO Technology konpainiako Nafarroako enpresa batek Europan egin duen ibilbidea partekatu du, adibide gisa, eskualdeko enpresek nazioarteko proiektuetara nola jauzi egin dezaketen erakutsiz.
Sareak Horizontea eta Nafarroako Gobernuaren apustu estrategiko bat
Gogoan izan behar da NEXUS jardunaldia sartzen dela ADItech-ek koordinatu eta Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak 2020tik finantzatzen duen Sareak Horizontea ekimenaren barruan. Ekimen honen helburua da Foru Komunitatea modu aktiboan kokatzea Europan mailarik eta inpakturik handiena duten sare eta lankidetza guneetan, Nafarroako 2021-2027 (S4) espezializazio adimenduneko estrategiak ezarritako lehentasun tematikoetan.
Gainera, SINAIko eragileei eta Nafarroako enpresei helarazi nahi die garrantzitsua dela Europako urte anitzeko finantza esparru berriaren aurrean prestatzea (MFP 2028-2034). Ekimen honen balioa da finkatu egiten duela SINAIko eragileek eta enpresek eskualdeetan dituzten interesak Bruselan dauden “antena” nafarrekin lotzen dituen lan metodologia bat, izan ere, Bruselan ordezkaritza iraunkorra baitu Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuak.