Europako Batzordeak kontsulta publikoa abiarazi du estatu laguntzen araudien berrikuspenari buruz, estatu kideei etxebizitza eskuragarria lortzen laguntzeko. Interes ekonomiko orokorreko zerbitzuei (IEOZ) buruzko arauen berrikuspen horrek etxebizitza sozialaren eskuragarritasunarekin lotutako erronkak jorratuko ditu. Helburua da EBko herrialdeek etxebizitza eskuragarria lasterrago eta errazago sustatu ahal izatea, horretarako berriro aztertuz IEOZ 2012/21/EB Erabakia. Ekimen hori lagungarria izanen da Batzordeak Europako herritarren etxebizitza beharrei aurre egiteko egiten dituen ahaleginetan, haien artean izanen dela etxebizitza eskuragarrirako plan europar bat.

Herritarrek, enpresek, agintaritza publikoek nahiz elkarte interesatuek laguntzen ahal dute kontsulta publikoa egiten 2025eko azaroaren 4ra arte, COMP-en webgunearen bidez..

IEOZ Erabakitze proiektua 2025eko ekainean eta uztailean egindako kontsulta publiko eta proben deialdi baten emaitza da. Batzordeak 120 erantzun baino gehiago jaso zituen, proben deialdiari dagokionez, eta 140 baino gehiago, kontsulta publikoari dagokionez.

Etxebizitza eskuragarria lortzeko arazoa ez da mugatzen diru-sarrera gutxiko taldeetara. Orain, gizarteko sektore zabalago bat ere ukitzen du, hainbat faktoreren ondorioz, hala nola hiriguneetako eskari gero eta handiagoa, etxebizitzaren kostuaren igoera, eskaintzaren eskasia, higiezinen parkearen zahartzea, eskualdeko desberdintasun ekonomikoak, turismoa eta epe laburreko alokairuak.

Etxebizitzaren krisi larri eta premiatsu horri erantzuteko, Batzordeak Etxebizitza Eskuragarriaren Europako Plan bat jasotzeko asmoa du 2025eko hondarrerako, nazio, eskualde nahiz tokian tokiko etxebizitza politiken osagarria, aldi berean subsidiariotasun printzipioari eutsiz.

Aurreikusitako ekimen nagusien artean, Batzordea estatuetako laguntzei buruzko arauak aztertzen ari da, etxebizitza eskuragarrien konponbideen finantzaketa errazteko asmoz.

Batzordeak etxebizitza eskuragarrien arloan egindako lanari buruzko informazio gehiago dago ekimenari eskainitako webgunean.