Ukrainak mugarri garrantzitsu bat igaro du EBra atxikitzeko bidean, Europako Batzordearekin aldebiko hautaketa prozesua hondarrera eramanda. Prozesu hori 2024ko uztailean hasi zen eta laster akitu zen, erreformak ezartzeko, EBko estandarrekin lerrokatzeko eta Europako familiarekin bat egiteko Ukrainak erakutsitako ahaleginari, profesionaltasunari eta motibazioari esker. Urrats hori Errusiak Ukrainari eraso eginda piztutako gerra betean lortzea herrialdearen erresilientziaren eta erabakitasunaren erakusgarri argia da.

Hautaketa prozesuak erakusten du atxikipena lortzeko negoziazioak gizarte osoa ukitzen duen jardunbidea direla. Administrazio publiko osoa inplikatzen du, era guztietako gaiak lantzen baitira, hasi elikagaien segurtasun arauetatik eta edateko ura nahiz nekazarientzako laguntzaraino. EBra atxikitzeko negoziazioetako funtsezko urratsa da, eta arrakastaz akitu izanak Ukraina atxikipenetik hurbilago paratzen du.

Aldebiko ebaluazioan, arlo politiko guztiak (negoziazio-kapituluak ere esaten zaie) zehatz-mehatz aztertu zituzten Europako Batzordeak eta Ukrainak, eta EBk arlo bakoitzean duen jardunbidea Ukrainak noraino betetzen duen ere aztertu zuten. Ukrainak plan argiak ezarri zituen araudira egokitzeko. Prozesu horrek aukera ematen dio Batzordeari argitzeko Ukraina noraino dagoen prest atxikipena burutzeko, eta oinarri tekniko garrantzitsua da negoziazioetan aurrera egiten jarraitzeko.

Batzordeak azterketaren emaitzak aurkezten dizkie estatu kideei hainbat txostenen bidez, eta aukera du horietan gomendioak emateko egoki diren arlo politikoetan negoziazioak hasteko.

Estatu kideak akordio batera iritsi ondoren, negoziazio-kapituluak, gai-multzo zabalagoen barnean aztertzen direnak, irekitzen ahalko dira. Espero da Ukrainak eraberritzeko ahaleginekin jarraitzea, EBko legeriara egokitzea eta bere gaitasun instituzionala eta administratiboa indartzea, estatu kideek ezartzen dituzten parametroei jarraiki. 1. gai-multzoan funtsezko hainbat auzi aztertzen dira –esaterako, Zuzenbide Estatua, oinarrizko eskubideak eta erakunde demokratikoen funtzionamendua–, eta lehenengoa irekitzen eta azkena ixten izaten da.

Informazio gehiago