Foru Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak berriki onartu du esperientzia gastronomikoak, janaria eta ardoa egiten dituzten turismo eta ostalaritza enpresentzako laguntzen deialdia, 582.499 eurokoa guztira. Zehazki, helburua da efizientzia handiko eta kontsumo txikiko etiketa energetikoa duten ekipo berriak erabiltzea mota horretako enpresetan, beren etxetresna elektriko zaharren ordez.
Laguntza horiek Europako Batasuneko Next Generation funtsek finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan daude. Deialdiaren oinarrietan ezartzen denez, lehengo asteartean plazaratu baitziren Nafarroako Aldizkari Ofizialean, “enogastronomia eta ostalaritza turismo gastronomikoan elkartzen dira; izan ere, bisitariek benetako sukaldaritza esperientziak eta tokiko kultura janariaren eta ardoaren bidez esploratzeko aukerak bilatzen dituzte”.
Hain zuzen ere, testuak nabarmentzen du ostalaritza arloko efizientzia energetikoa, “jasangarritasunerako, errentagarritasunerako eta negozioaren irudia hobetzeko bide” gisa, eta adierazten du “energia aurrezteko neurriak ezartzean, establezimenduek beren kostuak murriztu eta ingurumena babesten lagundu dezaketela”.
Diru-laguntza hartzen ahal duten jarduerak eta kostuak
Deialdian dirua emateko zehazten diren jarduerak eskabidea aurkeztu ondoren egin behar dira, gehieneko muga dela 2026ko apirilaren 30a. Beren jarduera ekonomikoari dagokionez, enpresa eskatzaileek jatetxe gisa edo edariak saltzeko establezimendu gisa sailkatuta egon behar dute, baina onartzen da, orobat, diru-laguntza ematea abeltzaintzako ekoizpenean, produktuen fabrikazioan eta elaborazioan (oliba-olioa, gaztak, ardoak, sagardoa, garagardoa edo landare-kontserbak) eta museoetako, aisialdiko eta entretenimenduko jardueretan diharduten negozioei, baldin eta aldi berean turistei zuzendutako bisita gastronomikoak, dastatze-saioak edo ekitaldi enogastronomikoak eskaintzen badituzte.
Deialdiak babestutako kostuei dagokienez, testuak ezartzen du hozteko aparatuak, kontserbazio-armairuak, labe industrialak, mahai-tresnei distira emateko gailuak eta ontzi-garbigailuak berritzen ahalko direla, besteak beste. Era berean, diruz lagunduko da gaseko sutegien ordez sutegi elektrikoak jartzea, eta plaka erradiatzaileen ordez indukzio-plakak.
Nafarroako Gobernuak onartutako dirulaguntza horiek itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, inbertsioaren zenbatekoaren %80koak. Alde horretatik, ekimenen aurrekontu diruz lagungarria izanen da, gutxienez, 3.000 eurotik gorakoa, eta ez da 100.000 eurotik pasatzen ahalko.
Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago 2025eko urriaren 31ra arte, eta interesa duten enpresek bide telematikoz aurkezten ahalko dituzte eskaerak, Nafarroako Gobernuaren Atariko Izapideen Katalogoan dagokion fitxa erabiliz.