Tech FabLab proiektua Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak Europako Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako RETECH ekimenaren parte da.
Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Zentro Europarra (CEIN) sozietate publikoak, Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digital Enpresarialeko Departamentuaren mendekoa, parte hartu du gaur, Berrikuntzako Mintegietako bost startupekin batera, Parc Agrobiotech Lleidan egindako Ebro Valley Agro Tech-en laugarren edizioan.
Enpresa hauek parte hartu zuten: Fruit & Food Products, Navarre Spirits, Nawattia Smart Comfort, Nucaps Nanotechnology eta Nulab. Nafarroako ordezkaritza osatu dute, halaber, AN Taldea, Nekazaritzako Elikagaien Teknologiako Zentro Nazionala (CNTA), Sowify Global Solutions eta Nafarroako Garapen Elkartea (Sodena).
Eskualde arteko ekitaldi hau antolatu dute, CEINek eta anfitrioiak ez ezik, Errioxako Garapen Ekonomikorako Agentziak (ADER), Aragoiko Sustapen Institutuak (IAF), Valentziako Erkidegoko Berrikuntza, Industria, Merkataritza eta Turismo Kontseilaritzak, Kantabriako Eskualde Garapenerako Sozietateak (Sodercan) eta Kataluniako Generalitateko Politika Digitalen Idazkaritzak, guztiak ere Tech FabLab proiektuaren bazkide diren erakundeak.
Topaketaren helburua da kontaktua eta merkataritza harremanak erraztea startupen, nekazaritzako elikagaien enpresa berritzaileen, merkataritza banaketako arduradunen, ostalaritza kanalen eta parte hartzen duten lurraldeetako inbertsio erakundeen artean, bai eta sektorea hobetzeko ekimen bateratuak bultzatzea ere.
Esparru horretan, networking gidatua egin da parte hartu duten enpresen, elikagai-banatzaileen eta inbertitzaile potentzialen artean, elkar ezagutzeko aukera eskainiz, eta mahai-inguru bat ere antolatu da, Nafarroako, Kataluniako, Valentziako, Aragoiko eta Errioxako startupek berrikuntza kudeatzeko eta teknologia berriak aplikatzeko beren jardunbide egokiak aurkez ditzaten. Foru Komunitatearen kasuan, aurkezpena Nawattia Smart Comfort enpresak egin du.
Jardunaldian, halaber, nekazaritzaren arloan eta Tech FabLaben esparruan garatutako berrikuntzak ezagutarazi dira, eta Katalunia 2025eko gastronomiaren munduko eskualde izendatzearen ondorioz programatutako inpaktu handieneko jarduerak ere bai. Era berean, Kantabriako eta Valentziako erkidegoek sektorean jarduteko darabiltzaten jardun-ildoak aurkeztu dituzte, lehenengo aldiz parte hartu baitute Ebro Valley Agro Tech ekimenean.