Berotegi efektuko gasen emisioen eta kutsadura atmosferikoaren murrizketan aurrerapen handiak egin badira ere, Europako ingurumenaren egoera orokorra ez da ona, batez ere naturari dagokionez, oraindik ere degradazioari, gehiegizko ustiapenari eta biodibertsitatearen galerari aurre egin behar baitie. Klima aldaketaren azelerazioaren ondorioak ere premia handiko erronka dira, Europako Ingurumen Agentziak «ingurumenaren egoerari» buruz orain arte prestatutako osoena den eta gaur argitaratu duen txostenaren arabera. Ingurumen arloko joera gehienak ikusita, kezkatzeko arrazoi anitz daude, eta arrisku garrantzitsuak eragiten dizkiete Europako oparotasun ekonomikoari, segurtasunari eta bizi kalitateari.

Txostenean nabarmentzen da klima aldaketa eta ingurumenaren degradazioa mehatxu zuzena direla Europaren lehiakortasunerako, baliabide naturalen mende baitago. Bestalde, dokumentuak azpimarratzen du hemendik 2050era bitartean neutraltasun klimatikoa lortzea lurraren, uraren eta beste baliabide batzuen kudeaketa egokia egitearen mende ere badagoela. Natura baliabideak babesteak, klima aldaketa arintzeak eta horretara egokitzeak eta kutsadura murrizteak naturaren mende dauden funtzio sozial funtsezkoenen erresilientzia areagotuko dute, hala nola elikagaien segurtasuna, edateko ura eta uholdeen aurkako defentsa.

Txostenak eskatzen du Europako Itun Berdearen esparruan dagoeneko adostutako epe luzerako jasangarritasuna sustatzeko politiken eta neurrien aplikazioa bizkortzeko.

Ekintza horiek bat datoz Europako Batzordearen Lehiakortasunerako Iparrorratzak berrikuntzaren, deskarbonizazioaren eta segurtasunaren arloan dituen lehentasunekin.

AEMAk ingurumenaren egoerari buruzko txosten bat argitaratzen du bost urtean behin, bere Erregelamenduan hala ezarria baitago. “Ingurumena Europan 2025ean” AEMAren mota horretako zazpigarren txostena da, 1995ean hasi zenetik. Informazio sendoa ematen du, irizpide zientifikoetan oinarritua, eta baliagarria da aurrez aurre ditugun erronka handi eta konplexuei, hala nola klima aldaketari, biodibertsitatearen galerari eta airearen eta uraren kutsadurari, nola erantzun behar diegun aztertzeko. Txostena AEMAren Ingurumenari buruzko Informazio eta Behaketarako Europako Sarearekin lankidetza estuan egin da. Txostenean Sare horretako ingurumen arloko zientzialari aditu ospetsuen ezagutza tekniko zabalak jasotzen dira, tartean AEMAko kide diren 32 herrialdeetakoak eta lankidetzan ari diren sei herrialdeetakoak.

Informazio gehiago