Alemaniako Heilbronn hiriak irabazi zuen Europako Hiriburu Berdearen Saria, eta Europako Hosto Berdea sariak Herbeheretako Assen-entzat eta Italiako Siena-rentzat izan ziren.

Europako Hiri Berdeak 2027 bi sari ospetsuenen irabazleak gaur (urriak 2) iragarri dira Vilniusen, Lituaniako Arte Galeria Nazionalean egindako jai ekitaldian.

2027an, Heilbronn (Alemania) izanen da Europako Hiriburu Berdea, eta European Green Leaf Awards sariak –hiri txikiagoentzat– Assen (Herbehereak) eta Siena (Italia) hirientzat izanen dira.

Epaimahaiak Heilbronn hiriari eman zion Europako Hiriburu Berdea 2027 titulua, airearen eta uraren kalitatea, zarata, klima aldaketara egokitzea eta ekonomia zirkularra arloetan hiriak jaso zituen puntuazio altuetan oinarrituta.

Heilbronnek sektore arteko lankidetza arrakastatsua erakusten du zarataren, klimaren eta kutsadura atmosferikoaren arloetan, 2030eko Paisaia Planean eta hiriaren Mugikortasun Kontzeptuan. Herritarren parte-hartzea funtsezkoa da, plataforma parte-hartzaileekin, kontzientziazio kanpainekin eta eremu lasaiak babestuz.

Epaimahaiak, halaber, aintzat hartu zituen Heilbronn hiriak 2035erako dituen asmo handiko helburuak eta airearen kalitatea hobetzeko eta zarata murrizteko bere eskualdean eratu dituen lankidetzak.

Heilbronnek lekukoa hartuko du Vilnius (Lituania) 2025eko txapeldunaren eta Guimarães (Portugal) 2026ko txapeldunaren ondoren.

Hosto Berdea Sariak irabazi zituzten Assen eta Siena hiriek  epaimahaia txundituta utzi zuten, beren komunitateak trantsizio berdearen bidean atxikitzeko hartu dituzten ikuspegi eredugarriekin.

Epaimahaikideak txundituta geratu ziren Assen-ek klima aldaketa arintzearekin eta zirkulartasunarekin duen konpromiso irmoa ikusita. Hango hondakinak kudeatzeko politika berritzaileek, tartean plastiko nahiz metalezko ontziak eta edarien ontziak hobeki biltzea (PMD) eta Repair Cafes bezalako ekimenak, hondakinen murrizketa eta materialen berreskurapenaren sustapena erakusten dituzte eta ekonomia zirkularra bultzatzen dute.

Hiriak CO₂ isurien murrizketa garrantzitsuak lortu ditu eraikinen modernizazioaren, udaleko lanen deskarbonizazioaren eta Energia Lorategia bezalako proiektu berritzaileen bidez.

Groningen-erako bizikleta-autobidea mugikortasun jasangarriko proiektu eredugarria da, eta are argiago nabarmentzen ditu Assen hiriak emisioak murrizteko egiten dituen ahaleginak.

Siena-ko eremu berdeak, lurraren erabilera jasangarria eta hondakinak kudeatzeko sistema eraginkorrak ikusita, epaimahaia txundituta geratu zen.

Inbertsio publikoari esker, Sienako berdegune publikoen azalera handitu egin da. Parke berriak sortu dira hiri barruan, eta horren ondorioz, biztanle bakoitzeko batez besteko berdegune publikoa 28 m²-koa da.

Hiriak udal hondakinen %61,4 portzentaje harrigarria birziklatzea lortu zuen, eta isuriak %1 eskasera murriztu zituen. Epaimahaiak berrerabilera, konponketa eta ekonomia zirkularraren jardunbideak eta herritarren parte-hartzea sustatzeko Sienak eratu dituen  programak ere goretsi zituen.

Informazio gehiago