Europako Batzordeak bi ekimen garrantzitsu iragarri ditu Aurrezkien eta Inbertsioen Batasunean aurrera egiteko, EBko herritar guztientzat onura nabariak ekarriko dituztelakoan. Pakete globalaren helburua da herritar guztien heziketa finantzarioa hobetzea bizitzako etapa guztietan, eta plan gidari bat proposatzen du aurrezki eta inbertsio kontuetarako (AIK), inbertsioa errazagoa eta guztiontzat eskuragarriagoa izan dadin.
Alfabetatze Finantzariorako Estrategiaren helburua da herritarrei erabaki finantzario sendoak hartzen laguntzea, eta azken buruan, ongizatea, segurtasun finantzarioa eta independentzia hobetzea. Finantzei buruzko ezagutzak eta konpetentziak behar bezala konbinatuta, herritarrek hobeki administratzen ahal dute beren aurrekontua, iruzurrak saihesten ahal dituzte, modu eraginkorragoan aurrezten ahal dute eta etorkizunean inbertitzeko prestatuago sentitzen ahal dira. Finantzei buruzko alfabetizazioaren mailak baxuak dira oraindik ere EBn: alfabetizazio finantzario altua EBko herritarren bostetik batek baino gutxiagok dute (Eurobarometroa 2023), eta desberdintasun nabarmenak daude estatu kideen artean. Beraz, herritar guztien kontzientziazio finantzarioa areagotzeko eta estatu kideek heziketa finantzarioa hobetzeko egiten dituzten ahaleginak babesteko neurriak biltzen ditu Estrategiak.
Independentzia finantzarioa bermatzeko funtsezko osagaietako bat da herritarrek aukera izatea aurrezkiak hobeki kudeatzeko eta denborarekin aberastasuna sortzeko, bereziki kapital-merkatuetan inbertituz. EBko herritarrek munduko aurrezki tasa handienetako bat dute, baina maiz ez diete ateratzen beren aurrezkiei ahalko luketen etekin guztia. Alfabetizazio Finantzariorako Estrategiak herritarrei lagunduko die beren aurrezkiak hobeki planifikatzen eta erabiltzen, eta inbertsioen arriskuak eta aukerak ulertzen.